Aiarako gazte independentistek "Jardunaldi independentistak" burutu zituzten pasaden larunbatean Laudion. Txutxi Ariznabarretak, duela gutxi sortutako Independentistak plataformaren inguruko hitzaldia eman zuen gaztetxean. Era honetan, independentismoak Euskal Herrian eman dituen urratsak izan zituzten hizpide bertaratu ziren 20 lagunek. Era honetan, apirilaren 4ean Hendaian ospatuko duten Aberri egunera deitzaile izateko gonbidapena luzatu zien aiararrei. Azaldu zuenez, "Aurtengo aberri eguna independentista sentitzen garen guztiek deitzea nahi dugu, hau da, herritarrak". Horretarako, www.independentistak.net webgunean atxikimenduak batzen ari dira "dagoeneko 3.700 norbanakok deitu dute apirilaren 4ean Hendaia-Irunen egingo den Aberri eguna, baina datorren asterako 5.000 lagun baino gehiagoren atxikimendua lortzea espero dugu".
Trikipoteo eta parrilladaren ondotik, ekitaldia burutu zuten Urduña, Amurrio eta Laudioko gazte independentistek. Bertanm Urduñako Aski da musika taldeak jo zuen. Nabarmendu zutenez, "etsaiaren errepresioa bortitza da, Aiaran geroz eta ugariagoak dira kolore ezberdinetako polizien kontrolak, gazteak jazartuak eta kontrolatuak gara, baina ez gaituzte gelditu eta ez gaituzte geldituko!". Gerra estrategiaren adibidetzat jo zuten Urduñako gazte batek GALen izenean jasotako mehatxuak. Haatik, gazteak jasan ditzaketen edozein eraso kalean salatzeko deia egin zuten: "egunez egun gaztetxeetan, ikastetxeetan, lanean, kalean...bildu, antolatu eta independentziaren alde borrokatzen jarraituko dugu". Gogorarazi zuten, independentzia dela aske egingo dituen proiektu politiko bakarra. Bide horretan, "bizi dezagun ametsa, eraiki independentzia" lemapean Apirilaren 2an Durangon ospatuko den "GaztEHerria" ekimenean parte hartzeko deia luzatu zieten aiararrei.