Aiaraldeko Enpresen Federaziotik eskualdeak hazten jarrai dezan ezinbestekotzat jo dute bertako produktu eta zerbitzuen alde apustu egitea. Zentzu horretan, nabarmendu dute komertzioek enplegu asko sortzen dutela eta herritar ugari hornitzen dituztela.
Inork imajina al lezake denda, taberna, jatetxe edo zerbitzu enpresarik gabeko herririk? Galdera bakarrean erantzun asko bildu ditu Aiaraldeko Enpresen Koordinaziorako Federazioak (AEKO). Laudioko, Amurrioko eta Artziniegako merkatari elkarteek osatzen dute federazioa, hots, APILLek, APYMCAk eta AEMEk.
2011n erabaki zuten sortzea erakunde berria, elkarteen ekintzak koordinatu eta udalerrien arteko lotura indartzeko asmoz. Hala, eskualde izaeradun proiektuak sortzen dituzte, Aiarako komertzioak dinamizatzen laguntzeko. Esaterako, gabon garaian komertzio zein kaleek disdira berezia izan dezaten erakusleihoen lehiaketa antolatu ohi dute.
Herri bizitzan eragin handia
“Non kontsumitu aukeratzen dugunean, eskualde eredua erabakitzen ari gara”, diote. AEKOren arabera, herri bizitzan eragin handia dute komertzioek: “Guk hautatzen dugu bizitzeko edo lo egiteko herriak izatea. Egunerokoan ez gara konturatzen erabaki txiki horiek duten garrantziaz eta eraginaz”.
Zerbitzuen sektoreak osatzen du batez ere Aiaraldeko Enpresen Koordinaziorako Federazioa. Horien artean daude komertzioak, tabernak, jatetxeak edo zerbitzu enpresak. “Maila indibidualean negozio txikiak gara, baina denak elkartuz gero Aiarako errentaren zati handi bat osatzen dugu”.
Ez hori bakarrik. Adierazi dutenez, tokiko establezimendu guzti horiei esker bizi dira eskualdean familia asko: “Pertsona ugarik dute enplegua horri esker. Gure eskualdeko edozein enpresa handik baino lanpostu gehiago sortzen dugu, eta bailarako bizilagun guztiei eskaintzen diegu zerbitzua”.Ildo beretik, azpimarratu dute kaleetako bizitza denentzako onuragarria dela. Izan ere, AEKOren aburuz, mugimendua egoteak “seguruagoa” bilakatzen du herria, karriketan pertsonak pilatzen baitira.
Tokikotasuna, balio erantsi
Federazioaren iritziz, tokikotasunaren balio erantsi dira gertutasuna eta konfidantza. “Etxetik gertu behar dugun guztia topatzeak desplazamendu handiak saihesteko aukera ematen digu. Gainera, horrela, bizi eredu jasangarriago baten alde egiten da, eta bizitza erraztu”. Hori dela-eta, herritarrei deia luzatu nahi izan diete: “Denok egin dezakegu ekarpena, puska txiki bat bada ere. Behar dugun guztia gertu izateak duen garrantziari ez diogu erreparatzen. Gauzak eskuratzeko ez dugu urrunera jo behar”.