Bertakoentzako zein kanpoko bisitarientzako famatu bilakatu diren hainbat jaki eta edari ditu eskualdeak. Horren adibide dira, besteak beste, txokolatea, milojak, odolosteak edo txakolina. Leku bereziek ez ezik janari zein edariek ere egin dute ezagun Aiaraldea. Asko dira eskualdeko “produktu tipikoak” eskuratu asmoz hurbiltzen diren bisitariak. Luzea da bertako herritarren artean ere, ospakizun egunetan presente egoten diren jakien zerrenda.
Gozogintza
Urduñara, esaterako, pertsona asko joaten dira txokolatea erostera. Sobatuak ere dira ezagunak. Foru plazako dendetan topa litezke gutizia horiek. Batetik, txokolatea ardatz duten trufak, bonboiak, tabletak edo pastelak. Eta, bestetik, hirian bertan ekoitzitako sobatuak.
“Milojak” dira eskualdean gozogintzak utzi dituen beste erreferenteetako bat. Laudioko gozotegietan egiten dituzten hostopilak. Berez, hostorea eta krema tartekatuz osatzen diren pastelak dira, gainean glass azukrea eta txokolate beltza dituena. Nerbioi ertzeko herrietan kokatutako jende ugariren jomuga izaten da azkenburuko gisa. Haatik, Arrigorriagako gozo-dendetan ere topa liteke postre hori.
Orozko edo Zuhatzako baserriko ogia da tokiko produktuen beste ikurretako bat.
Orozkon, adibidez, egurrezko labearekin egiten dute oraindik ogia, aintzina moduan, hain zuzen.
Edariei dagokienez, Aiaraldeko txakolina eta Amurrioko likore etxea dira nagusi.
Odoloste eta txorizoak
Euskal Herriko beste hamaika txokotan bezala, txerriak marka handia utzi du nola kulturan hala gastronomian. Artziniegako odolosteak dira horren adibide, herrian zein inguruko supermerkatu handietan ere aurki litezkeenak.
Arrankudiagako Ulibarri auzoan egiten diren txorizoek ere izena dute, baita Amurrioko San Jose auzuneko saltxitxek ere.
Gabon garaian zein urte osoan zehar, ugariak dira Aiaraldean txerriaren bueltan egiten diren ospakizunak: Amurrioko San Anton azoka, Laudioko San Blas eguna, Artziniegako txarri-boda...