Euskararen normalizazioa Aiaraldean

"Euskararen ezagutza eta bilakaera Aiaraldean" lana aurkeztu du Aztikerrek

Asier Etxenikeren ordez etorri zen “Euskararen etorkizuna Aiaraldean” jardunaldietan Aiaraldeko Euskararen egoera eta bilakaeraz egindako lana aurkeztu zuen Ekhi Zubiria Aztikerreko soziologoak. Euskaltzaindiaren “Hizkuntza borroka Euskal Herrian” liburutik atera zituen lehen datuak, 70.hamarkadakoak. Aiaraldean euskara galtzear zegoela ageri da bertan; Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldon euskaldun kopuru gehiago bazeuden ere.

Asier Etxenikeren ordez etorri zen “Euskararen etorkizuna Aiaraldean” jardunaldietan Aiaraldeko Euskararen egoera eta bilakaeraz egindako lana aurkeztu zuen Ekhi Zubiria Aztikerreko soziologoak. Euskaltzaindiaren “Hizkuntza borroka Euskal Herrian” liburutik atera zituen lehen datuak, 70.hamarkadakoak. Aiaraldean euskara galtzear zegoela ageri da bertan; Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldon euskaldun kopuru gehiago bazeuden ere. Azken 40 urteetan, ordea, euskarak jauzi izugarria eman duela bistan da: "Aiaraldean 42.000 biztanle inguru bizi direla aintzat hartuta, 70.hamarkadan 4.000 inguru ziren euskaradunak (euskaldun edo elebidunak) 1986ko datuen arabera. Urterik urte, ordea, igotzen joan da, gaur egun ia 13.000 euskaradun daude eskualdean. Erdaldunen ehunekoa beheraka doa etengabe, 1988an %68 zen, eta gaur egun %41. Euskaldunen kopurua, berriz, haziz doa, egun %30 izanik, 70-80 hamarkadan %10 zirenean”.


Aiaraldeko hizkuntza joerak adinka
Elebidunen artean hizkuntza joerak aztertuta, gehienak gazteleraz errazago moldatzen direla diote ikerketa datuek. Euskaraz gustorago aritzen diren elebidunak %4 dira. Adinka ikertuz, 2-14 urteko herritarren %80 da elebiduna, baita 15-34 urte artekoen erdia ere: “Horrek belaunaldi haustura erakusten du, 35 urtetik beherako eta gorakoen artean. 35 urtetik gorakoak %13 dira euskaradunak. Gazteen artean hizkuntza gaitasuna gora doa, helduen artean egoera laua da”. Horregatik dio helduen euskalduntzen prozesuetan zein arrazoi egon daitezkeen aztertu beharko litzakeela.

Lehen hizkuntzaren bilakaera
Hizkuntza gaitasunak gora egin duen bezala, lehen hizkuntzaren bilakaera mantendu egin da Aztikerren arabera. Herritarren %6.7k euskara du lehen hizkuntza, %30k daki euskara. Herri euskaldunenetan, ordea, lehen hizkuntzatzat euskara duen jendea galtzen ari da, bikote mixtoak edo kanpotik etorritako jendea medio. Orozko eta Arakaldo dira horren adibide. Zubiaren esanetan egoera honakoa da: “Askotan bi hizkuntzak landu dira, edo gaztelera bakarrik. Herri txikiak galtzen ari dira, eta herri handiek ez dute gorantza arrankatzea lortzen”.

 

Etxeko hizkuntzaren bilakaera
Aiaraldeko haurren %10 baino gutxiagok jasotzen du familia edo etxetik euskara. Aldi berean, umeen %70 elebidunak dira, euskara eskolan jasotzen dutelako. “Etxeko transmisioa nahiko txikia da. Hor bada oztopo bat. Izan daiteke bikoteak mixtoak direlako, edo beste herrietatik etorritako jendea ez delako euskaldundu”. Iaz egindako inkesta batetik atera dute datua: Araban %5.1 bikote euskalduna da; Aiaraldean, berriz, %7.5. Bikoteetako bat euskalduna duen portzentaia Araban %12.7 da, eta Aiaraldean %21.8. Dena dela, bikoteetako biak erdaldunak diren kasuak dira nagusi eskualdean: %70.

 

Aiaraldea euskalduntzeko hezkuntzaren eragina
Aiaraldea euskalduntzeko bidean, hezkuntza da euskararen arnasguneetako bat. Ekhi Zubiriak dioenez, A eredua behera doa nabarmen: 1986an %75 matrikulatzen zen A ereduan, eta egun %18. Eskualdean D eredua da nagusi, ikasleen erdiak baino gehiagok hautatzen baitute (%51.7), “1986an %7k soilik ikasten zuen euskaraz”. Hala ere, hezkuntza euskara hutsez eskaintzen duten herriak badirela dio: Arrankudiaga, Okondo eta Aiara, besteak beste.

Eremuaren arabera hizkuntza hautua ezberdina da Aiaraldean ere. Euskara eskola hizkuntzatzat jotzen da oraindik ere eskualdean: “Lagunekin, esaterako, %12 da lagun-arte euskalduna duen jendea, baina euskaraz aritzen diren lagun kuadrillak %1 dira. Horrek erakusten du eskolan geratzen den hizkuntza bat dela erabilera aldetik”.

 

Euskaraz ikaskideekin beti %16k hitz egiten du. Lan munduan berriz, %13 da euskalduna, eta soilik %3-4k hitz egiten du euskaraz. Ondorioa: euskarak ezagutzan sekulako aurrerapausoa egin du, urte gutxian %10 izatetik %30 gainditzera pasa da. “Herritarren %60 edo gehiago euskalduna da, euskara ulertzen du. Horrek euskaraz funtzionatzeko oinarria ematen du. Bigarren erronka da falta dena, euskara erabiltzeko jauzia ematea”.

 


Euskararekiko jendearen jarrera
Euskara ia galduta zegoen herrietan %30 ezagutza lortu da, eta igoera nabaria espero da datozen urteetan. Izan ere, jendartearen %10k soilik azaltzen du euskararen kontrako jarrera Araban eta baita Aiaraldean ere: “Horrek erakusten du diskurtsoari buelta eman zaiola, jende gehienak euskararen aldeko jarrera edo bi hizkuntzen orekaren aldeko joera duelako. Diskurtsoa eta ezagutza maila asko aldatu eta igo da. Aiaraldean erdia baino gehiago da euskara ulertzen duena ia, hortik abiatuta gauza mordoa egin litezke”.

 

Gogoetak

Ekhi Zuburiaz gain, entzuleek ere hartu zuten hitza. Partaideetako baten iritziz, une gako batean gaude: “Guraso gehienak euskaradunak izango dira eta horrek erabileran eragina izango du”. Ekhi Zubiria bat dator: “35 urtetik beherako eta gorakoen aldean sekulako aldea dago. Urteak pasa ahala euskaradun diren haur eta gazteak izango dira gurasoak, beraz, horrek alde linguistikoan asko eragingo du. Eskolak euskaldundutako belaunaldiak geroz eta euskaldunagoak dira”.Euskararen datu eguneratuak ikusi nahi izanez gero, duela bi astetik www.euskaraba.eus atarian daude eskura. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide