Gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak gainditu direla sinestarazi nahi digute, baina bistan da botere harremanek indarrean dirautela.
Bizi garen sistema kapitalista eta heteropatriarkalak desberdintasuna sortu, mantendu eta indartzen du; kontsumitzen dugun kultura, ohitura eta hezkuntzaren bidez.
Horrela, emakumeen eta gizonen identitate eta etorkizun sozial ezberdinduak iraunarazten dira. Eragin zuzena dute ikusezinak diruditen mikro-indarkeria horiek genero rolen eraikuntzan, emakume menpeko eta zaintzaileak zein gizon boteredunak eraikiz.
Bereizketak biolentzia sortzen du, ondoriorik bortitzena indarkeria matxista izanik.
Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, hirutik emakume batek indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu du. Egoera benetan larria izan arren, feministok gure aldarriak justifikatzen jarraitu behar dugu.
Jakin dezagun indarkeria matxista ez dela kolpe eta iraina bakarrik. Tabernetan mutil batek ipurdia ukitzea, lanpostu berean gizonek diru gehiago irabaztea, emakumeon balioa itxuraren arabera neurtzea, edo maitasun erromantikoaren eredua ere biolentzia dira.
Utzikeriak konplize bihurtzen zaitu. Matxismoa etxean zein kalean, egunez egun, lehiatu beharra dago.