Hurbileko pertsona izan dugu, gertukoa, gizarte hobe baten alde beti lanean, zure mundu ikuskera erraz transmititu duzuna, “abade lanetan” ere kritikoa Elizako hierarkiarekin.
Polentzik eta biok ume garaian Lamuza eskolan elkar ezagutu genuen, adin berekoak izan gara. Geroago gure herrian, Laudion, urteek aurrera egin ahala, elkar ikusi eta beti agurtu edo elkarri zeozer esateko aukera izan dugu. Zure konpromiso sozialari ez diozu inoiz uko egin eta ez duzu ezkutatu, konpromiso publiko eta argia.
Gogoan dut duela urte batzuk Mendiolako herrian sortutako “Gurutze afera”, Olarizuko gurutzea izenez ezagunagoa. Frankismo garaian eraikitako gurutzea dugu, Frankismoari gorazarre egiteko ikurra, Mendiolako herri administrazioak eraisteko eskatu zuen Mendiolako lurretan baitago, baina Gasteizeko Udalak uko egin zion eskaerari.
Gogoratzen dut Mendiolako gurutzearen aferari buruz Elcorreok galdetu zizunean, zuk erantzun zenuela kezkatzen zintuen "gurutzea" Tubacexeko langileok pairatzen genuela zela
Gure Polentzi, Mendiolako apaiza izanda, “El Correo” egunkarian egindako elkarrizketa batean honen inguruko iritzia eskatu zioten; Berak argi eta garbi adierazi zuen, bere kezka “gurutzea” zela baina ez porlanezkoa, baizik eta Tubacexeko langileek garai hartan bizi eta pairatu beharreko “gurutzea” .
Egun horietan, Tubacex enpresak langile asko kaleratzeko asmo zuen, Polentzi, komunikabidearen bitartez zure “benetako kezka” adierazi zenuen, ahoan bilorik gabe, zure herriarekiko eta langileekiko konpromisoa erakutsita. Handik egun batzuetara, Polentziri eskerrak emateko aukera izan nuen, eta Polentziren erantzuna ohi bezain argia eta apala: “nire pentsaera baino ez dut azaldu”.
Beste egun batean, Artziniegako “Indaba Putxera” lehiaketan epaile gisa ikusi zintudan, aukera izan genuen zure aholkuak jasotzeko Ugarten zeozer egiteko asmoa genuen eta. Orduan ere, goiz hartan, ikusi nuen Artziniegan pertsona oso estimatua zinela. Zure modukoak maitatzea erraza da.
Orain dela gutxi, Laudioko denda batean elkar ikusi dugu, eta ez genuen aukerarik galdu berbetan hasteko, elkarren berri izateko. Biok 60 urtetik gorakoak izanda, adinkideak, jubilazioa izan genuen mintzagai. Orduan esan zenidan zure lanean 75 urterekin datorrela jubilazioa. Txantxetan esan nizun nire jubilazio eguna “”azken arnasa” emanda izango zela eta gogoak 75 urte pasata izateko. Lagunen arteko elkarrizketa goxoa.
Polentzi, zure errebeldiaren lekuko dugu, zure jubilazio eguna zuk erabaki duzula. “Azkenengo arnasan” ere errebelde, konprometitua, hurbila eta ibili zaren bazterretan zein sorterrian, Laudion, maitatua. Plazer handia izan da zu lagun izatea!
Zure moduko pertsona osoak, ez dira jubilatzen “beti emateko” prest zaretelako. Azkenengo arnasa eman bitarte, “konpromisoa eta praktika” erakutsita.
Polentzi laguna, eskerrik asko!
Zure eredua, bertan gurekin dugu.