IRITZIA

Behar dugun hezkuntzarako, independentzia!

Erabiltzailearen aurpegia June Pikaza Pizarro 2025ko ots. 24a, 08:00

Abenduaren 7an Ikama ikasle antolakundearen salto organizatibo eta politikoa aurkeztu genuen. Hezkuntza sistema osoan antolatzeko apustua egin dugu, estrategia bat eta bakarra eraikitzeko apustua, hain zuzen ere. Ikamak hezkuntza eremu osoari erreparatuko dio eta horretarako dinamika indartsu bat jarriko dugu martxan, Euskal Herriko hezkuntza sistema propioaren beharra aldarrikatuz, independentziaren aldarria lau haizetara zabalduz eta balio eraldatzaileak transmitituz. 

Espainiar zein Frantziar estatuek gidatutako hezkuntza sistemek goia jo dute. Sistema kapitalista zisheteropatriarkala betikotu eta Euskal Herriaren asimilaziorako tresnak dira, gure herriaren eta euskal ikasleok jasaten dugun zapalkuntzaren erantzule zuzenak dira. Euskal Herria estaturik gabeko nazio zapaldua da, eta horrek gure herriaren asimilazioa eragin du, erabakitzeko eskubidea guztiz ukatu, eta Frantziar eta Espainiar estatuen proiektuaren menpe egonik. Horren ondorioz, euskarak, gure nortasunak, historiak zein gure kulturak kolokan jarraitzen dute, euskal estatu propio baten beharra azalean geratzen delarik. 

Horren aurrean, Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa eraikitzea ezinbestekoa da, eta beraz, gure betebeharra da ikasleon artean, eta oro har, hezkuntza sistemaren osotasunean independentziaren aldeko aldarria zabaltzea. Izan ere, horrek eskainiko dio Euskal Herriari behar beste botere egitura hezkuntza sistema hemen eraikitzeko eta erabakiak hartzeko. Hezkuntza sistema propioarekin lortuko dugu behar dugun hezkuntza sistema.  Horrez gain, ezin dugu egungo egoera faxismoaren eta balio erreakzionarioen gorakadarekin desloturik ulertu. Mundu mailan gertatzen ari da, eta hemen, Euskal Herrian, honen zantzuak ikusi ditzakegu. Sistemaren krisiaren aurrean, faxismoa indartzen den ideologia politikoa da. Larrialdi klimatikoaren ukazioa eta migrazioaren eta feminismoaren aurkako erreakzioa horren adibide dira. Faxismoa aldaketa kulturalaren terminoetan ulertu behar dugu, gizartea, bere osotasunean, ari baita faxismoaren ideia eta balioak bereganatzen. Mundu ikuskera aurrerakoi eta ezkertiar bat defendatzen dugunok, ordea, mehatxu gisa ulertu behar dugu. Horren aurka irmoki jokatu eta alternatibak mahaigaineratu behar ditugu. 

Borroka feminista, euskararen aldeko borroka eta balore independentistak aldarrikatu behar ditugu. Faxismoa borrokatu eta ateak itxiko dizkion ikasle olatua osatu behar dugu. Hezkuntza sistema propioaren eskutik etorriko da hezkuntza euskaldun, feminista eta antikapitalista. Beraz, ozen diogu: behar dugun hezkuntzarako independentzia ezinbestekoa dugu. 

Guzti horregatik, martxoaren 20an kaleak hartuko ditugu. Ikasleok ezkerretik eta independentismotik harrotuko den olatua sortuko dugu. Etorkizuneko hezkuntza sistemaren diseinurako balio eraldatzaileak transmititu eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatuko dugu. Batu ikasle borrokara. Martxoaren 20an ikasleok kalera!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide