Zinez bitxiak dira El Correok bere albisteetarako argazkiak hautatzerako orduan erabiltzen dituen irizpideak. Hori ondorioztatu daiteke behintzat larunbatean argitaratu zuten eduki bati erreparatuz gero. Pisu turistikoei buruzko artikulu bat plazaratu zuen komunikabideak. Mota horretako pisuei hainbat muga jarri zizkien Bilboko Udalak, baina Lehiaren Euskal Agintaritzak neurri horien aurka azaldu zen.
Hori zen albistearen funtsa. Baina artikulua ilustratzeko baliatu duten argazkia da esanguratsuena: hainbat gazte azaltzen dira bertan motxila, esterila eta camping-dendekin Bilboko Alde Zaharretik ibiltzen. “Mochileros recorren el Casco Viejo, uno de los barrios con mayor concentración de estos pisos”, dio argazki oinak.
Dena ondo, detaile bat kenduta: argazkian agertzen direnak ez direla turistak, Gazte Akelarrera zihoazen Aiaraldeko gazte batzuk baizik. Ironia handia, are gehiago ekimen hori Ernai eta Aitzinak -gaur egungo turismo ereduaren aurka lerrokatu diren bi gazte antolakunde- antolatzen dutela kontuan hartuta.
Duela urtebete
Duela ia urtebete atera zieten argazkia. “Eskualdeko 20 pertsona gindoazen, turista japoniarren talde estandar baten laurdena edo”, azaldu du gazte horietako batek, “garraio publikoan gindoazen Igorrera eta Abandoko eta Atxuriko tren geltokien artean atera ziguten argazkia. Auskalo nork aterako zigun; gogoan dut turisten selfi-makilaz josita zeudela zazpikaleak, momentuan ez genuen paparazzia identifikatu”.
Gazteak azpimarratu du eurak Igorrera zihoazela: “ez geneukan, inondik inora, turistifikazio masiboaren kontura poltsikoak bete nahi dituztenen akelarre mediatikoaren biktima izateko asmorik”.
Larunbatean bertan izan zuten albistearen berri: “Ezin sinetsirik geunden. El Correon harpidetu ginen, prentsa serioak bultzada behar du manipulazioaren garai ilun hauetan... Broma da, egun horretako El Correoko ale guztiak bildu eta Gazte Akelarreko antolakuntzari eman dizkiogu aurtengo akelarrean erre daitezen, ekarpen xumea baina inflamablea!”.