Eskubaloi jardunaldi honen errepasoa egingo dugu mailaz maila:
HAURRAK
Gure taldea irabazlea izan bazen ere, ume guztiak eskubaloiaz gozatu izana azpimarratzen dugu.
NESKEN KIMUAK
Bi partiduak, gure jokalariak ez ohiko lekuetan frogatzeko erabili genituen. Gauzak horrela, lehenengoan gureak irabazleak izan ziren etxeko taldearen aurkako norgehiagokan (7-21).
Bigarren partidua, ordea, askoz ere berdintsuagoa izan zen. Erromoko taldea atsedenaldira bi goleko errentarekin ailegatu zen eta bigarren zatiaren hasieran lau goleko abantaila ere lortu egin zuten. Hala ere, gure neskek ez dute hain erraz amorerik ematen eta partidua berdintzea lortu egin zuten, gehienbat hain ondo egiten duten defentsari esker. Azkenean partidua 15-14 galdu egin genuen baina taldeak transmititu zituen sentsazio onekin geratzen gara. Maila honetan Erromoko taldea izan zen garailea.
MUTILEN KIMU ETA GAZTEAK
Gazte taldearen bi jokalari egonda, kadeteek laguntza eskaini eta haiekin jokatu zuten torneoa. Eskerrak eman behar diegu hauei egin zuten esfortzu fisikoagatik.
Kadeteak, txapelketa polita jokatu zuten, talde honen potentziala ikusi eta somatu ahal izan genuen. Hala ere, egin zituzten akatsak entrenamenduetan konpontzen saiatuko gara, liga ahalik eta ondoen has dezaten.
Gazteei alderatuz, neke fisikoa somatu ahal izan genuen. Haatik, borrokatzeko grina ez zuten galdu eta jokatu zituzten bi partiduak oso gogotsu lehiatu zituzten, minutu bakoitzean dena emanez.
SENIORRAK
Lehenengo norgehiagokan Mirandako taldearen aurka bi goletik galdu egin genuen jokatutako oso partidu eskas batean. Taldeak oso modu indibidualean jokatu egin zuen eta akats ugari egin zituen bai defentsan zein erasoan.
Bazkaltzeko tartea eta gero, taldeak pilak bete zituen Erromoko taldearen aurkako partidua jokatzeko. Talde hau gurea baino askoz indartsuagoa dela jakinik eta gure jokalariak nahiko nekatuta egonda, partidua hasi genuen. Oso berdintsua izan zen bigarren zatiko 15. minutura arte, Erromoko taldea gure lau eraso txarrak aprobetxatuz, markagailuan 22-16 aldendu ziren. Hala eta guztiz ere, gureak mahai gainean kolpe bat emanez, haien jokalari baten aldamenean defentsa indibiduala jarriz, eta gure defentsaren maila asko hobetuz, haien erasoak geldiaraztea lortu genuen eta gutxinaka partiduari buelta ematen hasi ginen. Bi minutu besterik ez falta zirenean 23-23ko markagailua zegoen. Momentu honetan, Keltsa, gure gazte eta seniorreko jokalaria belaunean lesionatu egin zen eta honen ostean, taldeak mahai gainean beste kolpe handiago bat emanez, bi defentsa onak eginez eta erasoko jokaldia burutuz 23-24 garaitu genuen Erromoko taldea bihotzeko amaiera batean.
Guzti honen ostean, garaikurren banaketak egin ziren. Erromoko taldeari eta guri, txapelketan parte hartzearen ondorioz, erregaila bat eman ziguten eta, ondoren, haurren mailako jokalaria den Uxuek, txapeldunen kopa hartu egin zuen.
Bukatzeko, Conet Eskubaloi Klubari eskerrak eman nahi diogu hain ondo antolatuta izan den txapelketan honetan parte hartzeko aukera emateagatik. Esan bezala, Erromoko eskubaloiarekin batera, gure jokalari, entrenatzaile eta haurren gurasoak eskubaloiko egun zoragarria igaro genuen.