KIMUAK
Klubeko txikienek bi partidu jokatu zituzten iragan asteburuan Zabalgana taldearen aurka. Larunbatekoa nahiko eskasa izan zen jokoaren aldetik, baina igandean askoz hobeto aritu ziren, astean zehar entseatzen diren gauzak eginez. Aipatzekoa da jokalari guztiak irribarrez eta zoriontsu hasi eta bukatu zituztela egun bakoitzeko partiduak. Jarrai dezagun eskubaloiaz gozatzen!
KADETE NESKAK
Azkenengo hiru porroten ondoren Udaberriko Txapelketa honetan, Laudio Eskubaloi Taldeko neskek garaipen garrantzitsua erdietsi zuten Askartza Clareten aurkako norgehiagokan. Hasierako uneetan, pabilioian sumatzen zen hotza zela medio, jokalariak nahiko erritmo baxuan jokatu zuten eta atsedenaldiko emaitza 6-10ekoa izan zen. Bigarren zatian aldaketa nabarmena egon zen eta joko biziagoa eginez errenta handiagoa lortu ahal izan zen. Azkenengo emaitza: Askartza Claret 16-26 EKA Laudio. Partidu hau azkenaldian lesionatuta egon diren jokalariak erritmoa hartzeko erabilia izan da.
SENIOR
Partidu polita iragan larunbatean Laudioko Granja Polikiroldegian jokatutakoa. Lehenengo minututik aurrera erritmo bizian jokatu zen eta hasieran berdintasuna nabarmendu bazen ere, gutxinaka- gutxinaka kanpoko taldeak errenta handiagoa lortu ahal izan zuen. Basaurik planteaturiko 5-1 defentsak gure erasoko jokoan eragina izan zuen eta golak sartzea zaildu egin zigun. Dena den, azkenengo minutuetan taldeak erreakzionatu egin zuen baina markagailuan zegoen aldea oso handia zen eta azkenengo emaitza ondorengoa izan zen: Laudio B.C 26-36 Atl. Basauri. Azpimarratzeko oharra, Koldo atezain gaztearen debuta Senior taldearekin. Zorionak!!