Duela urtebete baino gehiago Orozkoko Madres Mercedarias zaintza zentroko langileok hasi genituen lanuzteak, grebak eta protestak, aldarrikatzeko lan baldintzen hobekuntza eta erabiltzaileen arreta duina.
Etengabeko borroka izan da, lan ordutegitik kanpoko bilerekin, asteburuak eta bizitza pertsonala sakrifikatuta proposamenak egiteko orain arte emaitzarik utzi ez duten negoziaketetan. Guztiz kontrara, beste aldearen partetik soilik jaso dugu ixteko mehatxua eta horrekin, gure lanpostuak galtzeko arriskua.
Borroka hau abiatu dugu gure duintasunagatik eta arreta jasotzen duten erabiltzaileengatik. Borrokak, bestalde, ez du jaso merezi duen oihartzuna. Bete dugu Bilboko kale nagusia, Korrikan parte hartu dugu, itxialdia egin... Eta ez gustuagatik, jakina, beste aukerarik ez dugulako baizik. Salatu behar dugu zuzendaritzak egoera jasangaitzan gaituela langileok eta, ondorioz, erabiltzaileak.
Egun hauetan ikusi dugu inbidiarekin lan hitzarmen "justu" baten aldeko ertzainen manifestazioak bete dituela egunkarien orrialdeak, goiburuak webgunetan... Ez dugu ezer aurka, beti elkartasuna erakusten dugu euren eskubideen alde borrokatzen dutenekin, nahiz eta Itsas Museoan gertatutakoa ez zen izan elkartasun erakustaldia euren aldetik.
Dena den, etzigarria da informazio uholde hori ikusita gure protestek ia ez dutela tokirik. Berdin dio dozenaka protesta egin, bakarrik zein sektore berean lan egiten duten beste kolektiboekin.
Gure esker ona erakutsi nahi diegu gure borrokaren jarraipena egiten duten hedabideei, baina babes eta ikusgarritasun gehiago behar dugu. Jokoan dagoena ez da Tourraren hasiera, baizik eta lehentasunezko eta premiazko zerbitzua eta erabiltzaileen etorkizuna. Eurek ez daukate errurik. Ez dugu bigarren mailako manifestariak izan nahi. Ez dugu merezi.