Erakustaldi ederra eman du Marianne Vos Nederland Bloeit taldeko ziklistak aurtengo Iurreta Emakumeen Biran, lehen bi saioetan garaile izan eta gero Urduñan hasi eta bukatu den saioan ere irabazle izan da. Aurtengo edizioko etapa nagusira Pooleyrekiko 50 segundoko eta Emma Johanssonekiko minutu bateko errentarekin heldu da holandarra, eta errentari eutsi ez ezik, garaipena lortu du bere ihesaldiko kideei Antigua etorbideko esprintean nagusituz.
125 kilometroko etapa izan dute ziklistek aiaraldea zeharkatu duen ibilbide malkartsuan, Barrerilla, Garate eta Urduña gainak ohiko denez erabat hautsi dute lasterketa, tropela zatikatuta itzuli da Urduñara. Lehen postuetan Marianne Vos, 2.008. urtean txapeldun izandakoa, Judith Arndt 2.009.ean txapeldun eta iaz bigarren izandako alemaniarra, Emma Johansson suediarra, Christel Ferrier eta Olga Zabelinskaia heldu dira, haien artean esprinta lehiatu dute eta Vos izan da azkarrena; sari bikoitza izan du gainera sailkapen nagusian maillot horia eskuratu eta aurtengo edizioaan hirugarrenez etapa garaipena erdietsi baitu Iurretan eta Lekeition nagusitu eta gero.