Karmele Jaioren "Musika airean" liburua

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ibarrola Atxa 2010ko mar. 21a, 19:32

Airean


Airean. Musika bezala. Sentitzen, bizi gabe. Horiek dira Karmele Jaioren liburuak irakurtzean  jaiotzen zaizkidan sentsazioak. Hamalau atso tronpeta jotzen antzera aireratu ditu aurten kaleratutako eleberrian idazle arabarrak pertsona askok bizi dituzten barne kezkak. Eta aurkezten diren kontzientziarekiko zenbait gatazkaren oihuak entzuten ez ditugunok, istoriak dirauen bitartean sentitzea lortu du. Azalean agertzen den umearen gisa irakurlea eleberriari ebatu, eta sentipenak kulunkatzea.

            Gora eta behera, behera eta gora. Kolunpioaren pare, hala sentitzen da istorioaren lekuko dena 163 orritan zehar. Izan ere, adineko pertsona baten ahotsetik adin, jatorri eta izaera ezberdinetako lagunen sentipenak kontatzen dira liburuan. “Aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz…” txikitako jolas-kantaren gisara, zenbat buelta ematen dituen bizitzak adierazten zaigu. Noizbehinka gogor, min hartzeraino. Aldizka suabe, astiro pizten doan maitasunaren lekuko, gozatzeraino.

            Hala, umetatik lagunak diren Mirari, Carmen eta Elenaren arteko harremanean oinarriturik heriotza, gaztetasuna, mesfidantza, etorkinen egoera, erbestea, herriekiko elkartasuna eta familia ereduaren inguruan hausnartzera gonbidatzen du irakurlea eleberri honek.

            Lanak hiru hari desberdin ditu. Hari nagusia Elena (protagonista nagusia)  eta Carmenen arteko maitasun-gorroto harremana da. Mirari, Carmen eta Elena txikitako lagun minak dira. Kontatzen denez, Carmen eta Elena gizon berdinarekin maitemindu zirenetik inbidia, maitasun eta gorrotoari loturik eman dute bizitza. Bigarren haria, Elenaren semearen bizitza da, Sabinena. Emaztea du eta ezkonduta dago, baina jeloskortasunak ez dio bikotekidearekiko mesfidantza izan gabe bizitzen uzten. Hirugarrena berriz, Elena zaintzeko kontratatzen duten Beatriz ekuatortarraren bilakaera da.  Hiru ahots hauen bidez, urruneko gaiak gertuko sentituz bizitzaren sinfonia konposatzeko egindako saiakeragatik gustatu zait liburua.

            Protagonista nagusiak (Carmen eta Elena) adineko lagunak dira, hortaz, duela laurogei urteko pertsonengan erlijioak izan zuen eragina agerikoa da kontakizunean. Hori dela eta, liburuan zehar alde batetik ugariak dira apaizari egindako konfesioak. Izan ere, Elenak Carmen bere senarrak utzi zuela haurdun usteko du Carmen hiltzear dagoen arte. Bestalde, lanaren hasieran eta amaieran, heriotza eta elizkizunei buruzko kritika da nagusi. Eta ni, bat nator: “ezagutu dugun norbait hiltzean estutu egiten gara (…), baina ez da hildakoa izan zena gogoratzen dugulako, gu berarekin izan ginena gogora ekartzen dugulako baizik. Eta txistua irentsi behar izaten dugu, berarekin izan ginen hura ere hil egin dela konturatzean. Horregatik egiten dugu negar hileta elizkizunetan…”. Ezkontzak emakumeen askatasunean  duen eraginaren inguruko irakurketa ere egiten da liburuan.

            Fededun izan edo ez,  pertsonen arteko harremanek markatzen dute narrazioa.  Carmen eta Elenaren kasuan, gorroto guztien atzean maitasuna dagoela adierazten du Karmele Jaiok. Familia ereduari iseka eginez, menpekotasuna ere azaltzen da lanean. Sabini, Elenaren semeari, bere soldata handiagoa dela eta, familia eta etxea zaintzeko lana utz dezan eskatzen dio Inma emazteak. Sabinek baina, ezin du jasan neskak lanean jarraitzea eta bera etxekogizon bihurtzea. Etorkinen zein erbestearen gordintasuna berriz, Elenaren zaintzailea den ekuatortarraren eta txikitan Euskal Herritik Argentinara alde egin behar izan zuen ahizparen bitartez azaleratzen zaizkigu.

            Atsegin ditut tatuajea bezala betirako marka uzten duten erbestea bezalako gaiak gordintasunetik aireratzen dituzten idazleak. Gogoko dut bizitzari itxia dagoen atso zahar pipertu baten etxean bizitzari irri egin diezaiokela adierazten duten kuleroak ikustea. Tximeleten pare, bi egunetan ahaztu arren, tabuen hegoak astintzera  ausartzen den jendea. Arrain zopa bezala, errezeta berdina erabili arren bizitza ez da sekula berdin irteten. Horregatik bizi gara kulunka. Portadako umearen antzera, kulunkatzen gaituen soka askatzera ausartu gabe. Airean.

 

 

           

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide