Gure haurrak hazi ahala, ezinbestean hartu beharreko erabakia dugu gurasook: zein eskoletara bidali gure etxeko txikienak. Bizi-legea den moduan, etxeko goxotasunetik ateratzea eskolara joateko ez da urrats erraza umeentzat zein gurasoentzat. Helduok badakigu heziketa prozesu zirraragarri horretan, mundu berri bat topatuko dutela eskolan euren bidea egiteko eta euren nortasunaren garapenean lagungarria izango dela. Baina hartu beharreko erabaki hori sarritan kezka iturri izaten da.
Gurasoak garen aldetik, arrazoi batzuk luzatu nahi ditugu gure umeak eskola publikoan zergatik matrikulatu ditugun azaltzeko, zergatik egin dugun hautu hori.
Gure haurrek denekin elkarbizitzen ikas dezaten
Aniztasuna gure gizartearen errealitatea da, betidanikoa eta, egunez egun, gero eta handiagoa. Onartu eta egin dezagun bat berarekin, bizi gaitezen kaleetan ikusten dugunarekin elkarbizitza benetakoa izan dadin, denok garelako beharrezkoak gizartearen eraikitze lanean. Bizi gaitezen elkarrekin, ikas dezagun elkarrekin, bizitzak partekatuz. Eskola publikoak ez ditu ikasleak sailkatzen maila sozioekonomikoaren arabera, denak jasotzen ditu ezberdinen arteko elkarbizitza egunerokoan gauzatuz. Publikoak berdintasuna bultzatzen du eta ez bereizketa.
Euskaldun petoak izan daitezen
Eskola publikoak euskalduntze lan handiena egiten ari dira, ume guztiei euskara emanez. Euskarak denok behar gaitu, integrazio tresna izugarria da, lan-munduko ateak zabaltzen ditu eta herri baten partaide egiten gaitu. Etxeko hizkuntza edozein dela, eskola publikoan euskara da denon topagune, eta euskal kultura, ardatz. Euskaldunak direnak eta ez direnak, gela berean elkarrekin egonda, benetako komunitatea egiten dute, euskal komunitatea. Eredua ematen eredugarri bihurtzen gara. Eskola publikora joatea gehiengoaren aldeko apustua egitea da eta elkartasun ariketa.
Gertutasuna bultzatzeko
Eskola publikoa gure ondoan dugu, auzoan eta herrian integratua, komunitate izaera bultzatuz. Gertukoa izanda jasangarria da, familiarra, eta parte hartzailea, barruko zein kanpoko ekarpenei irekia. Ume guztiak hartzen ditu bere altzoan eta gaurko jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkie txiki-txikitatik.
Publikoa indartzeko eta pribatizazioaren kontra borrokatzeko
Zerbitzu publikoen eta bereziki eskola publikoaren garapena berdintasunaren eta ongizate mailaren adierazlerik onena da, baina Jaurlaritzaren politikak eta mezuak pribatizazioaren bidetik doaz beti: publikoaren eta pribatuaren elkarlanaren abantailak aldarrikatu, pribatua publikoarekin parekatzen ahalegindu, zerbitzu publikoaren kontzeptua aldatu... guzti hau irakaskuntza pribatuari ematen zaion diru-kopuru izugarria justifikatzeko. Sozialki oso garesti ateratzen ari zaigu dugun hezkuntza sistema dual hau, eta ordaintzen ari garen prezioa oso altua: eskola segregazioa eta gizartearen banaketa. Pribatizazio politikek beti jotzen baitute batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan. Eskola publikoaren helburua inor atzean ez uztea da, denon beharrak asetzea. Eman diezaiogun lehentasuna, beraz, denon ongizatea bermatzen duenari.
Eskola publikoa denona delako, gurea, herriaren eskola
Pribatizazioa, indibidualismoa eta intolerantzia nagusitzen ari diren garai hauetan, publikoa defendatu nahi dugu bizikidetzaren, pluralismoaren eta kohesioaren babesleku kolektibo gisa. Eskola publikoa da, herri bezala behar dugun eskola, berdintasuna bermatzen duena, inongo sinesmenei lotu gabea, euskalduna, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala, etorkizuneko eskola.
Eskola publikoa denon topagune, gure auzoak eta herriak indarberritzeko euskaratik
Aurrekoagatik guztiagatik, aukeratu dugu eskola publikoa gure seme-alabentzat eta poz-pozik gaude gertuko eskolan auzoko ume guztiekin jolasten ikustean. Ipuinen bitartez amestuko dute; kanten bitartez Ran Roberrean ibiliko dira edo Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin Ostirala iritsi da! abestu eta dantzatuko dute. Etxekoak pozarren edo adurretan ibiliko gara gure umea euskaraz abestu, dantzatu edo zenbakiak esaten dizkigunean… eta hori dena auzunetik irten barik. Hori dena da eskola publikoa, ilusioa, euskara, berdintasuna, kolore anitzez beteriko espazioa, gure herria bezala.
Gero eta gehiago gara guztiona eta guztiontzat den Hezkuntza Publikoaren aldeko hautua egiten dugunok. Gero eta gehiago gara eta gero eta gehiago izan nahi dugu. Etorri, ba, gurekin Euskal eskola Publikora.