IRITZIA

Greba orokorra!

Erabiltzailearen aurpegia Markel Garmendia Parra

Etxebizitza eskubidearen alde Ernaik Laudion eginiko elkarretaratze baten irudia. / Aiaraldea.eus

Kurtso hasieran Ernai Gazte Antolakundeak “Urrats bat aurrera” proposamena aurkeztu zuen. Bertan, gazte oro Euskal Herrian duintasunez bizitzeko bederatzi aldarrikapen aurkeztu genituen, horien artean etxebizitza eskuragarri eta duinarena. Honek azken hilabeteetan zentraltasuna hartu badu ere, hamarkadak daramatzagu etxebizitzaren arazoarekin.

Etxebizitzarena da gazteon, eta oro har, herri sektoreen artean prekarietatea eta desberdintasun sozialak iraunarazteko elementu determinantea. Etxebizitza negoziorako eta espekulaziorako bitarteko gisa erabiltzen da, eta etxebizitza politikak horren arabera daude diseinatuta.

Hau da, etxebizitza politikek ez dute etxebizitza duina eskuratzeko aukera oinarrizko eskubide gisa planteatzen. Horren isla dira etxegabetzeak, espekulatzaileak, etxe hutsak, emantzipatzeko zailtasuna, etab.

Etxebizitzaren auzia ezin dugu kasu isolatu bat balitz bezala ulertu. Kapitalismoaren metaketa fase baten amaieran eta are basatiagoa den beste baten hasieran kokatzen gara eta honek are prekarizatuago bizitzera kondenatzen gaitu sektore zaurgarrienak.

Zoritxarrez, Aiaraldea ez dago guzti honen salbu. Eskualdean bizitzea ezinezko bihurtu da. Herrietan ehundaka etxe huts dauden bitartean, ez dago alokatzeko aukerarik, eta dagoenean, prezioak ordainezinak dira.

Azpi-alokatutako gelengatik 500 euro baino gehiago eskatzen dituzten espekulatzaileak ditugu gure inguruan. Guzti horri Aiaraldean bizi dugun egoera prekarioa gehitu behar zaio. Azken urteetan 515 lanpostu suntsitu dira, emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urtetik gorakoa da, 2000 etxe huts baino gehiago daude eskualdean, hamarnaka pertsona kale gorrian bizi diren bitartean. Ez da kasualitatea sektore zaurgarriak izatea etxebizitzaren krisi hau gehien sufritzen dugunok.

Faxismoak bazterrean nahi gaitu gazte, langile, pertsona arrazializatu, emakume eta gorputz disidenteak, eta horretarako makinaria errepresibo oso bat jartzen du martxan, tartean, etxebizitzaren negozioarena.

Etxebizitzaren prezioak gora egiten du, baina soldatek ez dute gora egiten. Kontuek ez dute ematen. Horregatik, azaroaren 11n deitutako greba orokorrean kaleak hartu eta etxebizitzaren negozioaren aurka eta etxebizitza duinaren alde borrokatzea dagokigu. Bizi ditugun garai ilun
hauetan, etxebizitza duinaren aldeko borrokan kokatzea borroka antifaxistaren alde kokatzea da.

Horregatik guztiagatik, Ernaitik argi daukagu. Espekulazioa debekatzea eta espekulatzaileen desjabetzea, errentismoarekin amaitzeko egiturazko neurriak sortzea, alokairuarekiko kontrol handiagoa izatea, etxegabetzeak gelditzea eta parke publiko komunitarioa indartzea da egin beharrekoa. Hau da, burujabetza handiagoa lortzea eta etxebizitza negozio izatetik, eskubid izatera pasatzeko politikak ezinbestekoak dira, eta guzti hori ozen aldarrikatzera goaz datorren azaroaren 11n.

Etxebizitza duinaren alde antolatu eta borrokatu! Guk ere Aiaraldean bizi nahi dugulako, gazteok grebara!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide