IRITZIA

Zelan jaten dute gure haurrek?

Erabiltzailearen aurpegia Marta Pikaza Garaigorta 2025eko urriaren 22a

Azken urte hauetan eskola jangelak hizpide izaten ari dira tarteka, menuen kalitatea hobetzearren administrazio zein ikastetxeek hartu beharreko neurriak direla (janarian agertutako zomorroak, tokiko produktuak…). Ez da nire asmoa adostasuna lortu duen eta beharrezkoa den diskurtso hori zalantzan jartzea, gauza handia baita jatekoaz arduratzea eta balizko irtenbidea denon onurarako izatea. Baina nire ustetan, diskurtso hau ez da guztiz zintzoa izaten ari, fokua sukaldeetan soilik jarri delako eta ez hain espazio garrantzitsua diren jangeletan. 

Sarritan Administrazioak eta “Hezkuntza Komunitatea” deritzonaren parte handi batek jangelaz eta bertako langiletaz ari direnean, “sukalde” terminoa erabiltzen dute. Baina gure haurrek ikastetxean zer jaten duten galderari erantzun nahi badiogu, kontua ez litzateke zer jaten duten soilik, baizik eta zer eta zelan jaten duten.

Gure haurrek ikastetxean zer jaten duten galderari erantzun nahi badiogu, kontua ez litzateke zer jaten duten soilik, baizik eta zer eta zelan jaten duten.

Menuak eta sukaldariek prestatutako jaki gozo eta osasuntsu horiek guztiak oso garrantzitsuak dira, dudarik gabe, baina jangelan ez badira lasaitasunez, motibazioz eta gustuz jaten, maiz gertatzen den bezala, zaborrean bukatu daitezke. 

Errealitateak esaten digu gero eta familia gehiagok jangela zerbitzua erabiltzen dutela (kopurua), beraz haurrek bertan ematen duten orduen kudeaketaren beharra inposatzen da  (kalitatea). Hezkuntzaz ari bagara, kontuan izan beharko dugu haur horiek irakasleekin ematen duten denbora eta jangela hezitzaleekin ematen dutena parekatu daitezkeela (kalitatea).

Izan ere, behar afektiboak dituzte berdin, gatazkak izango dituzte berdin (edo gehiago), ikasgelatik jangelara pasatzeagatik heziketa prozesuan diren pertsonak izateari ez diotelako uzten, ez dira eraldatzen, haur berdinak izango dira eta ondorioz arlo pedagogikoak garrantzia izango du gune hauetan ere.

Jangelak, gaur egun, hezkuntzak dituen ildo eta korapilo berdintsuek zeharkatuta daude: elkarbizitza, feminismoa, segregazioa, berdintasuna, euskara...

Jangelak, gaur egun, hezkuntzak dituen ildo eta korapilo berdintsuek zeharkatuta daude: elkarbizitza, feminismoa, segregazioa, berdintasuna, euskara...ez dezagun ahaztu… are gutxiago adabakia ipini eta beste aldera begiratu.

Ikasleentzat oso garrantzitsua da jangelak eraldatzea: harreman on eta gizalegezkoak mahai zein jolastokietan (euren artean eta baita hezitzaileekin ere), zalaparta gutxituz, pilaketarik gabe, patxadaz, txikitatik gauzak dastatzeko motibazioa landuz, presioa eta estresa ahal den neurrian desagerraraziz eta oro har, jangelak ikastetxeetako espazio hezitzailea bihurtuz. 

Euskararen erabilgarritasunari begira, jangelek eta zerbitzu honi lotutako aisialdiak berebeziko garrantzia dute, ikasgeletako diziplinatik at, umeak bestelako eta lagunarteko giroan, gure hizkuntzaren esparru naturala berreskuratzeko beharrezkoak direnak.

Puntu honetara helduta, agerikoa da jangela-hezitzaileok funtsezkoak garela, nork bestela gauzatu beharko luke eraldaketa? Fokoa jangeletan eta bertan lan egiten dugunongan jarri, baliabidez, formakuntzaz, antolaketarako autonomiaz, gurekin bat eginez. Guzti honetaz hausnartu eta ezinbestekoa den ikastolako hainbat arduradunen bultzada eta babesaz, egun bagara eraldaketa martxan jarri dugun gutxi batzuk, dudarik ez, ilusioz ari garela erronka honetan. Egoera bestelakoa baita jangela askotan oraindik ere: aitortzarik ez, hezkuntza komunitatean txertatu gabeak, estres handiko lanaldi eskasak, soilik negozio egiteko asmoz dabiltzan enpresa pribatuek kontratatuak —hau bai pribatizazioa hezkuntza sailaren eskutik—.

Jangelak eraldatu beharra dago eta horretarako ezinbestekoa da bertako langileak aintzat hartu eta aitortza ematea, gure parte hartzerik gabe aldaketa ez delako posible izango. Gure haurrek zer jaten duten jakiteko zelan jaten duten ere begiratu behar dugulako, jaki gozo eta osasuntsu horiek platerean gera ez daitezen.

Marta Pikaza Garaigorta, Laudio Ikastolako zerbitzutako langilea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide