IRITZIA

Bizilagunak: Orain bai, eta beti!

Erabiltzailearen aurpegia Mertxe Azkarraga 2021ko aza. 11a, 06:00

Mertxe Azkarraga Amurrioko zurrumurruen aurkako taldeko kidea da, eta datorren igandean antolatuko duten Bizilagunak ekimenaren inguruan mintzatu da.

Bizilagunak: gure ondoan bizi direnak.  

Axola du  gure ondoan bizi denak? Bai, noski! Gure etxe ondoko atean jo beharko dugu uneren batean bizilagunari laguntza eskatzera.  Igogailuan batera igoko gara, eta eguraldiaren gaia hizpide hartu. Atariko postontzietan elkarren alboan egongo gara ea banketxearena ez den gutunen bat heldu zaigun begiratzen. Balkoian jartzeko landare baten aldaxka emango diot eta emango dit. Gure umeak eta bizilagunarenak korrika abiatuko dira eskaileretan behera, eskolara. Parkean une beretsuetan egongo gara eguzki epela dagoenean…

Eta axola du gure bizilagunak nongoan diren? Bai noski! Bere janariaren usainak nire jakinmina piztuko du eta errezetak eskatuko dizkiot, nik nire bizkotxo egin berria pasatzen  diodan unean. Gu HMren modaz denok antzera jantzita ibiltzen garen bitartean, bere arroparen koloreaz mirestuta nago! Eskatu diet haien hizkuntzan erabiltzen diren hitz errazak guri irakasteko, haiek gurekin komunikatzeko izugarrizko ahalegina egiten ari direla konturatu naiz eta. Zelan ez du izango, bada, garrantzia gure ondoan bizi denak, bere bitartez nire esperientzia-kutxa betetzen baldin badoa!

Baina, batzuetan, batzuek nahita eta gutako gehienok ezjakintasunez, ez dugu modua topatzen bizilagunarengana hurbiltzeko. Hitz erdia baino gehiago gurutzatuko genuke, baina ez gara ausartzen. Lagunduko genieke, baina erreparoa ematen digu. Horretarako sortu zuen CEAR-ek Bizilagunak ekimena: elkarren alboan bizi garenok, baina elkartzeko bidea topatu ezinda gaudenok gune bat izateko. Urte batzuetan zehar, herri askotan, bertoko familiek gure ingurura bizitzera etorri den beste familia edo pertsonak hartu izan ditugu gure etxeetan ekimena gauzatzen den egunean: mahai baten bueltan, bi kultura diferente elkartu, eta jaki desberdinak dastatzen ditugun bitartean, bizitzari beste ikuspuntu batetik begiratzen saiatu, etxeko atea zabalduta. Aurten, aldiz, Amurrioko   “Zurrumurruen aurkako taldeak”, CEARrekin batera, gune hori kalera aterako dugu, eta azaroaren 14an, plazan elkartuko gara bazkaltzera euskal herritarrak, marokoarrak, italiarrak, Siriakoak, argeliarrak, sahararrak, kolombiarrak, kataluniarrak, Mexikoko lagunak… Bakoitzak bere janaria eramango du, eta elkarren ondoan, inork inor epaitu gabe, denok gure barrua aberastuko dugu, bizilagunak edonongoak izanda ere, beti garrantzitsuak direlako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide