Non geratu da futbolaren inprobisazioaren esentzia? Gustuz aukeratzearen plazerra, ez betebeharragatik egitearena. Badirudi ahaztu dugula umeak dibertitu egin behar direla, ez entrenatu profesionalak balira bezala.
Gaur egun gero eta gehiago begiratzen da etorkizunera, eta gero eta gutxiago orainera. Askotan ematen du ume guztiak urrun iritsiko direla pentsatzen dela, eta horretan, kentzen diegula unea bizitzeko aukera, ume izatearen plazerra.
Inprobisazioa galtzen da, sormena eta akatsetatik ikasteko balioa. Umeak ikusi ditut urduri, akatsa egitearen beldur, perfekzioaren presiopean. Presio hori, sarritan, ez dator zelaitik, baizik eta kanpotik, gurasoen aldetik, gehienetan. Eta horrela, pixkanaka, jolasteko gogoa galtzen dute, ume izatearen xarma galtzen dute.
Nik uste dut ni hona iritsi banaiz, neurri handi batean nire familiari esker izan dela. Ez ninduten inoiz behartu, ez ninduten presionatu. Ume izaten utzi zidaten, akatsak egiten, gustuz jokatzen. Ziur nago zenbat eta gehiago behartu, orduan eta gehiago gorrotatzen duzula egiten ari zarena. Kirolak ez luke zama bat izan behar, ezta betebehar bat ere; ihesbide bat izan behar du, non bizitzen, partekatzen eta talde-lanean aritzen ikasten den.
Utzi behar diogu haurren kirola etorkizuneko diru-iturri gisa ikusteari. Kirola, batez ere, pertsona hobeak izateko tresna bat da, balioak transmititzeko bidea. Iritsiko da entrenamendu gogorren eta exijentziaren garaia; baina txiki direnean, jolasaz, zelaiaz eta ume izateaz gozatu behar dute.
Horregatik, gurasoei eskatzen diet presioa kentzeko. Beti esaten dut oso zorionekoa izan naizela, nola hezi nauten ikusita: akatsak egiten utzi didatelako, eta nire bidea nire kasa aurkitzen. Gaur Athletic Cluben jokatzen badut, hein handi batean, haiei esker da, libre uzteagatik, futbolaz benetan goza nezan.