Miru gorria: Neguarekin batera bisitan datorren hegaztia

Erabiltzailearen aurpegia naturayala.blogspot.com 2016ko urt. 16a, 00:00

Ikusi hemen erreportajea:

 

 

 

“Kometa gorria” deitzen diote ingelesek miru gorriari. Hegan egiteko duen abileziagatik jarri diote ezizen hori. Uda iparraldean igarotzen dute miru gorriek, baina neguarekin batera ehunka gerturatzen dira Aiaraldera. Galzorian dagoen hegaztia da, ugariak baitira bere biziraupena jokoan jartzen duten faktoreak.

Ikusi hemen erreportajea:

<iframe src="https://social.shorthand.com/aiaraldea/embed/jCfjmjqOQAf" width="100%" height="500px" style="border: none;"></iframe>

 

“Kometa gorria” deitzen diote ingelesek miru gorriari. Hegan egiteko duen abileziagatik jarri diote ezizen hori. Uda iparraldean igarotzen dute miru gorriek, baina neguarekin batera ehunka gerturatzen dira Aiaraldera. Galzorian dagoen hegaztia da, ugariak baitira bere biziraupena jokoan jartzen duten faktoreak.

Hegan egiten maisua da miru gorria. Buztana lema modura erabiltzen du, hegalak ia batere mugitu barik. Surf, parapente, dantza edo jolas egiten duela dirudi. Edo agian denetik apur bat. Horrexegatik ezagutzen dute ingelesek red kite izenarekin. Kometa gorria esaten diote, airean flotatu egiten duelako, zintzilik balego bezala.

Galzorian dagoen hegaztia da, oso urria, alegia, eta zorrozki babestua. Ez da gure eskualdean umetzen, baina sasoi honetan berrehundik gora ikus daitezke hainbat bazterretatik sakabanatuta: Agiñaga, Urduña, Zuaza, Lezama, Untzaga... Izan ere, ugaltze garaian bikotean bizi dira, baina Europako iparraldeko herrietan eguraldia kaskartzen hasi orduko gurera etortzen zaizkigu negua igarotzera. Eta lo egiteko orduan kolonia handiak osatzen dituztenez, ikuskizuna liluragarria da.

Baserri artean
Harraparien artean, miru gorria da hegalari trebeenetakoa. Eta gainera, oso erraza da hegaka ikustea, astiro-astiro eta lurzorutik metro gutxira joateko ohitura baitu; etengabe planeatzen eta bat-bateko norabide aldaketak egiten. Bere hegal-zabalera handia da, metro eta erditik gorakoa. Pisua, ordea, kilo betekoa besterik ez. Airean, beraz, oso energia gutxi gastatzen du.

Tamaina ertaineko harrapari honek eguna argitzearekin batera ekiten dio janaria topatzeari. Patxadaz aztertuko du lurraldea edozein sagutxo, sator, hegazti txiki, anfibio edo ornogabe ustekabean atzeman ahal izateko. Sarraskiari ere ez dio muzin egingo, ezta autoek harrapatuta errepide bazterretan geratzen diren animalien gorpuei ere, arriskutsua izan arren. Gustuko du baserri inguruetatik eta abeltzaintza-ustiategietatik hurbil ibiltzea, eta sarritan ardi-txakur handiei ematen zaien okelaren hondakinen zain egon ohi da.

Hegalari aparta izateaz gain, hegazti ederra ere bada, erreportaje honetako argazkietan ikus daitekeenez. Akaso, gure faunako harraparirik dotoreena dena Afrikako iparraldean eta Europan baino ez da bizi. Munduko miru gorrien populazioaren % 90 Alemanian, Frantzian eta Espainian dago. Euskal Herrian ere badira umetzen diren bikote batzuk, baina ale gehienak migratzaileak dira, hau da, negupasa egitera etortzen dira iparretik.

Miru-buztana
Edonola ere, euskaldunentzat aspalditik aski ezaguna den hegaztia da. Zurgintzan, adibidez, miru-buztana deitzen zaio bi enbor lotzeko era bati, eta artzaintzan ardien belarriko markari ere miru-buztana esaten zaio. Arbasoen modura, beraz, buztanari erreparatuta jakin liteke hegaz doan harraparia mirua den ala ez. Eta areago, miru gorria ala miru beltza (Milvus migrans) ote den ere bai. Itxuraz bi miruen arteko antza handia da, gorria apur bat handixeagoa eta lumaje argiagoa duen arren. Baina buztanetan jarriz gero arreta, ez dago dudarik, gorriak urkilatuagoa (v itxura handiagoa) du beltzak baino. Horixe da espezie biak ezberdintzeko ezaugarri nagusietakoa. Nolanahi ere, sasoi honetan biak nahastea ezinezkoa da, miru beltza Afrikan igarotzen baitu negua, eta udaberrira arte ez da ostera ere itzuliko. Ordurako miru gorria joanda egongo da.

Zalantzarik gabe, miru gorria gure faunaren bitxietako bat da, baina zoritxarrez kinka larrian dago, galtzeko arriskuan. Ehiztarien tiro galduak, auto-harrapatzeak, elektrokuzioak, nekazaritzan erabiltzen diren pestizidak, habitaten suntsipena, pozoinaren erabilera... Hamaika dira kalte egiten dioten faktoreak. Gizakiak eragindakoak guztiak. Hortaz, gizakiena da egoera aldatzearen ardura miru gorria gure paisaiatik betiko gal ez dadin. Barkaezina litzateke mugaz gaindiko kometa gorri bizidunaren hegaldi paregabeaz gozatzeko aukerarik gabe geratzea.

 

Datuak

 

Izen zientifikoa: Milvus milvus

Egoera: Galzorian

Identifikazioa: Harrapari ertaina da, gorrixka, hegaletan orban argiak ditu eta uve itxurako buztana du

Neurriak: 60-66 cm bitarteko luzera eta 154-170 cm arteko hego-zabalera.

Zer jaten du? Ugaztun eta hegazti txikiak, sarraskia, anfibioak, arrainak eta ornogabeak

Non ikusi? Oso erraza da hegaka ikustea Aiaraldeko landazabaletan eta Gorobel mendilerroaren inguruan

Noiz ikusi? Udazkenean eta neguan lurretik hurbil planeatzen

Nondik dator? Europako iparraldetik etortzen dira gurera negua pasatzera

Antzeko espezieak: Miru beltza, Milvus migrans

 

Poloniatik Euskal Herrira

Udazkenero berrehundik gora miru gorri etorri ohi da Aiaraldera. Nahiz eta euren bizimodua gero eta hobeto ezagutzen dugun, galdera ugari dugu oraindik argitu barik: Nondik nora doaz? Non ugaltzen dira? Zenbat denbora behar dute bidaian? Non ematen dute negua? Toki berberetara itzultzen al dira beti?

Itaun horiei guztiei eta beste askori erantzuteko, 2014an eta 2015ean Seo/Birdlife erakundeko teknikariek bost miru gorri markatu zituzten Aiarako Agiñaga herrian Migra izeneko programa baliatuta. GPS irrati transmisore bana jarri zieten harrapari dotore hauen mugimenduak hobeto ezagutu ahal izateko, eta lortu egin dute. ‘Tologorri’ izenaz bataiatua izan zenak, adibidez, Poloniako ipar-mendebaldean igaro du aurtengo uda, Euskal Herritik 1.700 kilometrotara. ‘Ungino’ eta ‘Agiñaga’ Alemaniako iparraldetik ibili dira, eta ‘Ataria’ Suitzatik.

‘Pobes’, berriz, ez da sekula gurera bueltatuko. Zoritxarrez, markatu eta bi hilabetera hilik azaldu zen Frantzian pozoituta zegoen zerbait jateagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide