Saguzarren kontserbaziorako nazioarteko elkartea den BatLife Europe-k ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros) urteko saguzar izendatu du 2018 urterako, besteak beste, haren babeslekuen hondamena, zuraren tratamendu kimikoak, elikatzeko erabiltzen dituen habitaten galera edo harenganako jazarpen zuzenagatik azken mendean pairatu duen beherakada dela eta.
Ez dakigu gure eskualdean saguzar horren populazioaren joera zein izan den baina, gaur egun, herri ugaritan aurki genezakeela esan dezakegu. Hala nola, Agiñagan, Alorian, Amurrion, Baranbion, Belandian, Erbin, Kexaan, Laudion, Llantenon, Luxon, Salmantonen, Tertangan, etab.
Bestalde, SEO/Birdlife-ek hontz zuria urteko hegazti izendatu du espezieak izan duen gainbehera agerian uzteko asmoz, haren populazioa %13 txikiagotu dela balioesten baita, zenbait tokitan beherakada handiagoa izan den arren.
Aurreko espeziarekin bezala, ez dugu Nerbioi Garaiko populazioaren joera ezagutzen -haren hedapen eta ugaritasunaren inguruko ikerlanik ez dagoen arren-, baina haren presentziaren adierazletzat har ditzakegun egagropilak, eta herri guztietan daudela esan dezakegu.
Batik bat, elizetan eta eraikin hutsetan, baina baita okupatutakoetan ere: Agiñaga, Amurrio, Baranbio, Belandia, Etxegoien, Erbi, Izoria, Kexaa, Laudio, Lezama, Lanteno, Madaria, Menagarai, Menoio, Murga, Okondo, Olabezar, Saratxo, Urduña, etab.
Zenbaitetan, hilabete gutxi batzuetan bada ere, bata eta bestea elkarrekin hainbat elizetan bizi daitezke eta baita atentzioa eman digun beste eraikin batean ere, bertan aurkitu dugun okupazio handiagatik eta duela hamarkada gutxi batzuk eraikita egoteagatik: Amurrioko Aresketa Ikastola.
Egia esanda, Aiarako eskualdean espezie hauen kontserbaziorako neurririk ez da hartu, hortaz, ez dugu ezer ospatzerik. Sarrera hau gurean era orokorrean beherakada nabarmena jasaten ari diren espezieak bizi direla agerian uzteko balio beharko luke, guretzat arruntak eta ohikoak diren arren. Baita, gainbehera hau ekiditeko asmoz, haientzat babesleku izan daitezkeen gure ganbara, garaje, soto edo elizen gangen gisako sarbideak ez ixteko ere.