Duela egun batzuk Maroñoko urtegiko urak ohiz kanpoko kolore hori-berdexka batez ikusi ahal izan genituen. Ur azaleran askotariko itxurak erakusten zituzten kolore orban moduko batzuk ageri ziren.
Komunikabideren batean agertutakoaren kontra, ez da inungo isuririk sorturiko zikingunea. Gertakari horren jatorria alga mikroskopikoen izugarrizko ugaritzeari zor zaio, uraren koloratze hori sortzen dutena. Aldizkako ugaritze masivo horiek “algen bloom”-ak bezala ezagunak dira.
Ur lagin bat hartu eta lupa binokularraz aztertu genuen. Algen argazki batzuk ere atera ditugu, nahiz eta kalitate eskaxekoak izanda zianofizea edo zianobakterioen taldekoak direla esatera eraman gaituztenak, Microcystis generokoak ziurrenik. Izaki zelulabakarrak dira, begi hutsez ia ikusi daitezken multzoetan pilatzen direnak. Microcystis generoko hainbat espezie toxinak isuri ditzakete, mikrozistina bezalakoa. Algen bloom horiek, espezie kopuru mugatuen kontua izan ohi dira.
Ohiko eta arruntatzat hartu behar al dugu holako alga mikroskopikoen ugaritze izugarria, hainbesterainokoa begi hutsez antzeman daitekena eta ur gainean isuritako hauts edo margoaren antza daukana?
Egia esan arruntatzat hartu dezakegu horretarako baldintzak ematen direnean. Urtegi edo aintziretako ur masa geldoetan, ur temperatura altuak eta nutriente kopuru handiak elkartzen direnean, fosforo eta nitrogenoa bereziki, baldintza egokiak izango ditugu zianobakterioen ugaritze izugarri hau gertatzeko.
Udarak eta udazken hasiera honek, hain beroak, uraren temperatura igoerazi dute. Udaran eda udazkena ondo sartu arte, urtegietan bi ur geruza sortzen dira, kanpoaldean bata beroa, eta sakonago beste geruza bat ur hotzagoaz osatua. Bi ur geruza hauek ez dira nahasten negua iritsi arte, tenperaturen beherakada, euriteak eta urtegiaren ur emariaren handitzea sorraraziz. Azalerako ur geruza honetan ba, non eguzkiaren argia zuzenean jasotzen den eta tenperatura beroak nahiz algentzako “janari” ugari elkartzen diren, emango dira algen ugaritzerako baldintza egoki horiek. Uretan nutrienteen kopuru ugariko egoera horiei uren eutrofizazioa deitzen zaie.
Eta zergatik hainbeste janari (elikagaiak ) Maroñon? Galdera hau erantzuteko, urtegi inguruko arroa begiratu baino ez dugu egin behar, urtegira iritsi aurretik urek zeharkatzen dituzten lurrak. Landa lurrak dira, populazio eskaxekoak eta industriarik gabekoak; hango milaka abelburuek eta haien kudeaketa zerikusia izan daiteke egoerarekin. Beharrezkoa antzematen da ikertketa sakona burutzea denbora luzera jakiteko nolakoak diren urtegira iristen diren urak eta nola funtzionatzen den urtegiko ekosistema urtean zehar.
Algen ugaritzeak zailtasun gehigarri bat suposatzen du ura edangarri bihurtzeko sistementzat, kalitatezko ura izateko materia organiko guzti hori kendu behar baita. Aiaraldeko ur horniduraren jatorria den urtegian uraren kontrola areagotu beharko litzateke bloomaren bilakaera ezagutzeko. Ura ondo araztearen koste ekonomikoak areagotuko dira, erabiltzaileen patriketan nabarituz.
Egunak pasa ahala, algen bloom-a arintzen joan da, eta lehen eurijasak botatzean erabat desagertuko da. Bainan urtegian baldintzak berriz gertatzen direnean, tenperatura beroak, euri eskaxia eta elikagai pilatzea, orduan Maroñoko urak kolore berezi hortaz tintaturik ikusiko ditugu berriz. Prezipitazio eta tenperaturak ez daude gizakien menpe, baina “elikagaien sarrera” urtegira, hau da, nitrógeno eta fosforoaren ekarpena, bai, hein batean behintzat. Ondorioz, intentsifikazio handia eskuratu duten nekazal ustiapenen kudeaketetan hobekuntzak ematea beharrezkoa ematen du.