Aurkitua Aiaran ferra-saguzar mediterranearraren lehen ugalketa kolonia

Joan den uztailan, Aiarako koadrilako herri bateko eraikuntza baten azpikaldean aurkitu zen estraineko aldiz ferra-saguzar mediterranearraren (Rhinolophus euryale) lehen ugalketa kolonia egiaztatua Araban. Espezie hau “Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan” ageri da “Galzorian” dagoen espezie bezala.

Aiarako landak ingurune hobeezina eskaintzen dio saguzar espezie honi gure paisaiaren mosaiko izakera nabarmenari esker: bazkarako eta segatzeko belazeak, elorri beltz, zuri eta laharrez osatutako heskaiak, landare estaldura egokia dituzten ibai eta errekak (makalak, lizarrak, altzak…), baratzak, erkametz eta pinu gorriko baso nahasiak… Egia esan, bere ahaide diren ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros) eta ferra-saguzar handia  (Rhinolophus ferrumequinum), ingurune eskakizun antzekoak dituztenak, sarritan ageri dira gure inguruan, bi espezie hauetako ugalketa kolonia dexente ezagutzen direlarik.

Bi eragile daude halaere gure eskualdean bere agerpena mugatzeko. Batetik saguzar hau beste bi ferra-saguzarrak baino termofiloagoa da, hau da, hozbero baxuetara okerrago egokitzen da, eta beraz urriagoa izan ohi da eskualde eurosiberarretan, non ibarren azpialdean egoten den. Bestetik nagusiki haitzulotartzat hartua izan ohi da, eta horrek bere agerpena ugal-sasoian  oztopatzen du gure ibar azpietan kobazulorik ez dagoelako, denak Salbadan edo Laudioko Sta Luzia inguruan baitaude.

Orain arte hainbat ale isolatu aurkituak izan ziren Gorobel mendizerran, baina itxaropena genuen ugalketa koloniaren bat aurkitu genezakela, Burgosko Angulo herriko baserri batean (Menako bailaran), Añes-herritik (Aiara) kilometro eskas batera, hamabi aletik gora aurkitu bait genituen babeslekua ferra-saguzar handi baten kolonia batekin partekatzen.

EAEko lurrazpiko gordeleku eta eraikuntzetan babesten diren kiropteroen Kudeaketa Planaren zirriborroaren arabera, ferra-saguzar mediterranearra hirurogeitamargarren hamarkadan aurkitu zen kokapen ugaritatik desagertu zen, bereziki Gipuzkoako kostaldean, baina baita ere Bizkaian. Gaur egun dozena erdi bat kolonia Bizkaian baino ez dira ezagutzen.

Ferra-saguzar mediterranearra beste bi rinolofo espezieak baino sentikorragoa da bere inguruan gerta daitezken perturbazioei, eta bere koloniek jasandako eragozpenak dira hain zuzen ere bere mehatxurik nagusiena. Hortik dator bere kalteberatasuna eta kontserbazio maila, eta espezie honek sortzen duen kezka. Gainera, urtean kume bakarra izatean, eta ez urtero, bere populazioak oso mantso haz daitezke.

Horregatik, kolonien kokapena ezagutzen duten guztien ardura eta konpromezua beharrezkoa da,  eta koloniei ostatu ematen dieten eraikuntzen jabeena bereziki, bere kontserbazioan laguntzeko eta eragozpenak ekiditeko.

2010. urtetik, Arabako Foru Aldundiak noizbehinka saiatu da jabego partikularretan dauden koloniei garrantzia ematen eta diruz laguntzen, Ingurumen Zerbitzuen Ordainketarako deialdiaren bitartez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide