Orain, azken bero boladaren pean idazten nagoelarik, gezurra dirudi. Baina aurreko asteko freskurak nolabaiteko udazken ikutu bat erantsi zion Aiarako paisaiari. Eta udazken usainaren deia jarraituz, mendi magaletako erkamezti soilduetara abiatu nintzen, Aiarako orkidea loreen urteroko desfilean falta zena aurkitu nahian.
Spiranthes spiralis landare apala da, lotsatia. Irailatik urrira ugaria izan daiteke Salbadako larreetan, txillardi artean, edo erkameztien argiuneetan. Nekez antzemango dugu, ordea, arretarik jarri gabe behintzat, besterik gabe mendian pasioan goazela.
Spiranthes txikia baita, 10-15 cm-ko zurtointxo bat besterik ez, hostorik gabe sasoi honetan, non eztarri horiko lore txuri ñimiño batzuk txertatzen diren. 5 mm-ko lore txiki horiek espiral moduan inguratzen dute zurtoina, eta hortik datorkio abizena: spiralis.
Txikia, bai, baina ederra.
Egunaren akaberan, izkutatzera doan eguzkiaren izpiak jolasean dabiltza orbel artean apenas altxatzen den orkidea txikiarekin. Eta ni, arrastiriarekin laisterkan, kolore, forma eta argitasun nahas-mahas zoragarri hori jasotzen saiatzen naiz nire argazki kameraz, iluntasuna nagusitu aurretik.
Gero etxera itzuliko naiz, distira begiradan eta poza barea gogoan. Halakoxea da Natura, halako ikuskizun apal bezain miragarrien oparia egiteko beti prest.
Patxi Aiaratik