Hemen zaudete, berriz ere…
Hilabeteak joan dira zuen zurtoin lehorrak erori zirenetik, udako beroak zuen hostoak zimeldu zituenetik. Geroztik, zuen arrastorik ez lurrazalean. Baina lurpean, hor nonbait, bizitzaren txingarrak bizirik zirauten.
Aiarako orkideak landare geofitoak dira, hau da, urteko tarterik luzeena aireko zatirik gabe ematen dute, zurtoin, hosto eta lorerik gabe. Eta ondorioz, fotosintesirik egiteko inolako aukerarik gabe. Nola liteke ba hainbeste hilabetez bizirik irautea?
Garai bateko jakitunek garrantzi handia aitortu zioten “espezien arteko lehia” kontzeptuari bizitzaren fenomenoak azaltzeko. Eta arrazoia zuten. Baina aldi berean, pentsalari anarkistek maite zuten gogoraraztea espezien arteko eta banakoen arteko “elkar laguntza” funtsezkoa zela ekosistemen eraketarako eta funtzionamendurako.
Orkideak itxuraz desagerturik daudenean, ez daude ez hilik, ezta bakarrik ere. Lurpeko bere erraboilek onddo espezifiko batzuekin harreman sinbiotikoa eratzen dute, mikorrizazioa deiturikoa. Onddoak nolabait kutsatu, parasitatu egiten du orkidea, baina aldi berean, landarea fotosintesirik egin ezinean aurkitzen den hilabete luzeetan, bizirik mantentzen du.
Zein mekanismo izkutu bezain harrigarriz esnatzen dira orkideak, kimu berriak sortarazteko? Lurraren tenperaturaren gorakadak, edo argi orduen luzatzeak izango al da berpizkunde horren erantzule? Agian onddoak bidalitako seinale kimikoren batek? Auskalo …
Kontua da itzuli zaretela, eta baita neu itzuli ere, txoko kuttun jakinetan zuen aztarnak bilatzera. Hemen zaudete berriz. Aurrena begi trebatuek hain errez bereizten dituzten hosto-erroseta ageriz, gero zurtoina sortuz, hostoak nahiz zurtoina klorofilaz beterik, fotosintesia egiteko prest. Garaia iritsi baita onddoari jasotako laguntza eskertzeko eta itzultzeko, elkar laguntzaren funtsa hortan datzalako.
Azkenik, landare miresgarri hauen loreak agertuko dira, apal bezain eder, itxuraz zelai pobre, lehor eta harritsuenak alaitzeko, polinizatzaileen zoramenarako eta gure miresmena eta plazerrarako. Baina hori beste istorioa da, beste noizbait kontatu beharrekoa.
Oraingoz, apirileko lehen hamabostaldian, esan dezagun dagoeneko bospasei orkidea espezie aurkitu ditzakegula Aiarako landa eta erkameztietan. Orchis mascula eta purpurea ugari eta nonahi ageri dira, Ophrys fusca, lutea, sphegodes eta tenthredinifera bakanago, baina tarteka azaltzen dira. Aceras antropophorum-en landareak ozta ozta aterata daude, lorerik zabaldu gabe oraindik.
Udaberriaren mirariak abiatu dira. Badugu zer ikusi eta zer miretsi!