IRITZIA

Dantza-plaza VS plaza-dantza

Erabiltzailearen aurpegia Natxo Urkixo Orueta 2022ko uzt. 27a, 18:20

Urteetan sartua naiz, edo hobe esanda agian zahartua naiz, eta buruan dut zein zen gure herriaren egoera linguistikoa joan den mendeko 70 eta 80koen hamarkadetan. Askok jakingo duzuenez, garaia hartan biztanleen kopurua gure herrian 20.000 ingurukoa zen. Kalkulatzen zen euskaldun elebidunen kopurua, aldiz, 200-ekoa zen. Atera kontuak!

Aipatu hamarkadetan euskararen aldeko mugimendua indartu zen eta batzuek gure herriaren izenaren euskarazko jatorrizko bertsioa ezagutzearekin batera, euskara jakin ez arren gure hizkuntza zalantzarik gabe maite zutenek ere ahaleginak egiten zituzten gure kultura linguistikoa plazara ateratzeko. Bernat Etxeparek 1545 urtean egindako aldarriari berriro eutsi genion Laudion: “Heufcara Ialgui adi plaçara!”

Garaiko giro hartan eta, zalantzarik gabe euskararen normalizazioari lagundu nahian, euskara ikasteko eskolekin batera gure herrian hainbeste kirol-, kultura- eta gastronomia-talde sortu zen izena euskara hutsean zutela. Baina asmo ona izan arren, hainbeste urtetan izandako euskararekiko urruntasuna nabaria zen eta ez zen beti asmatzen. Buruan dut futbol alorrean sortu zen futbolari gazteen taldea zeinari “Laudiotarrak” izena jarri baitzitzaion. Euskarak jentilizioak osatzeko duen “-tar” atzizkia udalerriaren izenari erantsi eta kito!!

Gerora, berriz, Euskaltzaindiak gure jentilizio horren osaera txarto egina zela adierazi eta “laudiar” proposatu zuen. Jentilizio honen inguruan, doktoretza ikastaroetan Endrike Knörr-ekin izan nuen eztabaida-elkarrizketa batean Jose Paulo Ulibarriren “Gutun-liburuan” zenbaitetan “laudioar” agertzen zela aipatu nion eta gerora egindako ikerketa lanetan inguruko herrietako euskaldunek honela egiten zutela konprobatu zutelarik, “laudioar” forma hobetsi da, borondate oneko “laudiotar” hartatik urrun.

Gure herriko egungo egoera soziolinguistikoak ez du zerikusirik aipatu hamarkadekin erkaturik. Hala ere, eta nahiz eta gaur egun laudioarren erdiak baino gehiagok euskaraz aritzeko gaitasuna izan, agian eguneroko erabilera nahi bezain ohikoa ez izanik, askotan zalantzak sortzen zaizkigu. Eta halako zalantza izan ohi dugu izenak sortzeko euskarak duen baliabide aberatsenetariko bat aplikatzerakoan; izen-elkarketarekin hain zuzen.

Ez dakit zergatik, ohikoa da gure herrian eta ingurukoetan halakoak entzutea: “…dantza plazak girotu zuten igandea Aretan". Aretako jaietan izandako adibide hau ez da bakarra. Usu erabiltzen da izen elkartu hau herriren bateko plaza batean egiten diren euskal dantza jarduerak izendatzeko.

Ez naiz ari honetan idazteko eraren egokieraz. Egia esan ez naiz ni nor dantza plaza, dantzaplaza ala dantza-plaza idatzi behar den esateko. Hori ebazteko Euskaltzaindiaren 25. arauari behatzea baino ez du batek. Nik neuk hitzaren eraikitzeari egin nahi diot so. Zer ari gara adierazten “dantza-plaza” (izena+izena delarik) izen elkartua erabiltzen dugunean?

Idazkera kontuan hartu gabe ikus dezagun adibide batzuk. Euskarak I+I eraikitzea duten halako izen elkartuak izan ditzake: eguzki-lore; eperlanda; zakarrontzi; arto baba; negar-malko; langela; arto-irin; leku-izen;…

Izen elkartu hauek guztiek, idazkera kontuan hartu barik badute elkarren artean gauza komun bat. Hau da, izen elkarketaren bigarren elementua da elementu nagusia eta aurrekoak elementu nagusi horri nolabaiteko ñabardura ezartzen dio. Hau da, eguzki-lorea berez lore bat da (eta ez eguzki bat), eguzkiarekin nolabaiteko zerikusia duen lorea, hain zuzen. Gauza bera esan genezake eperlanda izenaz. Kasu honetan ez da hegazti bat izendatzen, hegazti mota horrekin zerikusia izan dezakeen landa batez baizik. Bestalde, arto-irina ez da arto mota bat, irin mota bat baizik.

Gurera itzulita beraz, nik oso gustukoa dudan aipatu jarduera izendatzeko eta iragartzeko gure artean maizen entzuten dugun izena egokia al da? Beha dezagun!

“Dantza-plaza” hitza zuzen eraturiko izen elkartua dugu, non izen bi bata bestearen atzean ezarri baititugu. Atzeko hitza “plaza” izanik, jarduera berezi bat egiteko erabiltzen den toki batez ari gara; eta ez jarduera batez.

“Plaza-dantza” izena, berriz, aurrekoa bezain ondo eraturik dago, baina kasu honetan dantza izena atzean doalarik, jarduera batez ari gara; dantza, hain zuzen. Izenaren aurreko elementuari so eginez, dantza mota honen ezaugarri nagusia plazan egiteko dela uler dezakegu.

Hor bego, eta norberak zehatz dezala bere ahozko zein idatzizko diskurtsoetan zein duen hizpide!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide