IRITZIA

Aforar ≠ aforatu*

Erabiltzailearen aurpegia Natxo Urkixo Orueta 2026ko abuztuaren 14a

Abuztuko lehen egunetan gure herriko jaien egitaraua jaso orduko, nire senak, nolabait esateko, halako ostikoa jaso zuen.

2023tik (eta orduan MIC edizioek izan zuten jai egitaraua hizkuntza bietan egiteko ardura), ez dakit noren aginduz eta gomendioz urteetan kofradiaren bazkariaren eguneko bezperan egiten zen ekimena jai egitarauan sartu zuten berriro. Berriro diot, ezen 1999tik ez baita jai egitarauan islatu. 1999ko hartan honela eman zuten aditzera kofradeen ohitura zahar honen berri:

19,00etan Abasto Plazan, hurrengo egunean Anaiarteko Bazkarian edango den ardoa “DASTATU” egingo da.

A las 19,00h.: En la Plaza de Abastos, se “FORARÁ” el vino que ha de consumirse en la Comida de los Cofrades del día siguiente.

Urte batetik bestera eta aldaketa gutxirekin errepikatu egin da urteetan honako ekimena iragartzeko formula. Espainierazkoaren lekukotasuna, 1944tik ikus dezakegu Udalaren webgunean; eta euskarazkoa, 1980an lehen aldiz jai egitaraua euskaraz jarraikortasunez argitaratzen hasi zenetik.

Urterik urte, lehen esan bezala, espainieraz “se forará” erabili izan da eta euskarazkoan “dastatu egingo da”.

Ekimena, azken larunbatetik jaietako beste egun batera aldatu bide zuten kofradeek eta badirudi horregatik desagertu zela jai egitarauetatik. 2023an, aldiz, azken larunbatean barik ardo-dastatzea 15 egunean bertan egin bide zuten eta ekimena jai egitaraura itzuli zen. Baina era bitxi batean agertzen zaigu:

19:00 ELIZPEAN

ARDOA AFORATZEA.

Antolatzaileak: Sant Roke Jaunaren Kofradia.

19:00 PÓRTICO DE LA IGLESIA

FORA DEL VINO.

Organiza: Cofradía Del Señor San Roque.

Ohitura zen bezala, oraingoan berriz ere, behin erabilitako formula edo estiloa errepikatu egin da eta antzeko testua topa dezakegu 2024, 2025 eta 2026ko jai egitarauetan.

Galde nezake ea zein den euskaraz urteotan aipatu izan den “Sant Roke Jaunaren Kofradia” ezen ez baitut nik izen hori duen kultura talderik Laudion ezagutzen; baina horren zuzenketa, agian, “Cofradía Del Señor San Roque”-koek eskatu behar izango lukete. Izan ere, beren WEB orrian eta argitalpenetan ez dut inoiz euskarazko bertsio hori ikusi.

Badut ohitura bat nik eta normalean, informazioa euskaraz jasotzea gustuko dut espainierazko bertsioetara jo barik eta ohar hau plazaratzera ekarri nauena, euskarazko bertsioan dugun “ARDOA AFORATZEA” delako hori. Honek erotu nau ez baitut inondik ere ulertzerik izan. "Zer demontre da hau?", galdetu nion neure buruari.

Ezer baino lehen, hiztegira jo nuen eta hiztegian ez nuen “aforatu” aditzik topatu. Niretzat eta gaur egungo euskaran arrotza den erabilera gutxiko hitza izan zitekeela, Orotariko Euskal Hiztegira jo nuen; eta berriz ere inolako argipenik ez.

Euskararen bidez argitu ezinik, espainierazko bertsiora jo dut eta bertan, urteetan erabilitako “forar” aditzaren adizkiari egin nion so. Bide honetatik argi erlantza ekarri zidan Felix Mugurutzaren iritzi artikulu batekin egin nuen topo. Denon eskura dago eta inor irakurtzeko interesik baleuka URL[1] honetan topa lezake:

https://blogs.deia.eus/arca-de-no-se/2019/07/30/la-fora-del-vino/

Felixek bertan jakitera ematen digunaren arabera, “forar” aditza Laudion baino ez den erabiltzen “aforar” aditzaren bilakaera da. Esan bezala, “aforar” aditzetik Laudion oso ezaguna dugun “forar” tokiko forma genekukake; hasierako bokalaren aferesia gertatuta. Zer da beraz, “aforar” aditza? Bai ala bai hiztegira jo behar dugu eta espainieraren akademiaren hiztegiaren bigarren adierari egin behar izango genioke so:

    2    tr. Determinar la cantidad y valor de los géneros o mercancías que haya en algún lugar, generalmente a fin de establecer el pago de derechos.

Gaien salneurria finkatzeko ekintzak (eta kasu honetan ardoaren salneurria), badakar berarekin ardoa dastatu behar izatea. Eta dirudienez, “forar” aditzari azken adiera hau gailendu zitzaion eta laudioar jendeak espainierazko “forar” dastatzearekin lotzen zuen.

Bestalde, “aforar” aditzak ba al du parekorik euskaraz? Elhuyar hiztegiari kontsulta egitea baino ez dugu:

aforar

  • 1  tr. [recipiente] neurtu; [caudal de un río] ur-emaria neurtu aforar el recipiente: ontzia neurtu
  • 2  tr. [calcular aforo] edukiera kalkulatu
  • 3  tr. (Econ.) [determinar cantidad y valor] (balioa) kalkulatu
  • 4  tr. (Teatr.) [escenario] maskaratu; ezkutatu, estali [erakutsi nahi ez dena]
  • 5  tr. (Der.) forupeko egin
  • 6  tr. (Hist.) foruak eman

Argi dago batetik, Elhuyar hiztegiak ez duela “aforatu” forma onartzen espainierazkoaren baliokide gisa. Bestalde, hiztegiak ematen dituen sei adiera horietatik, bat ere ez dator bat laudioarron ekanduarekin.

Arazo bat dugu, beraz, kofradeen ekimen hori euskaraz emateko. Batetik har genezake itzulpen zuzena eta “ardo-neurtzea”, “ardo-maskaratzea” zein “ardoa forupeko egitea” itzul genezake. Baina nire ustez ez letorke bat gure ekanduarekin eta arrotz suertatzen zaigu.

Bigarren aukera, euskarazko testuak ez duela garrantzirik pentsatzea litzateke eta ondorioz berdin litzatekeela nola adierazi. Ondorio hau aterata, “aforatu” neologismoa asma nezake, edota “foruratu” edo antzeko zerbait berreraiki nezake. Ez dut irtenbide honi buruzko iruzkinik egingo.

Eta azkenik, Laudioko ekanduari begira itzuli; eta laudioarrok espainierazko aditz honi emandako adiera kontutan hartuta itzuli. Kasu honetan, argi dago laudioarrontzat “forar”, “dastatu” aditzaren parekoa litzatekeela. Gainera, jai egitarauaren euskarazko lehen argitaraldietan adiera hori bera eman zen. Hortaz, garai bateko bideari jarraiki:

ARDOA DASTATUKO DA

SE FORARÁ EL VINO

   Edota, honela ere adieraz liteke:

ARDO-DASTATZEA

FORA DEL VINO

   Dagokionak aurrerantzean kontuan hartuko duela iradokizun hau espero dut.

[1] URL: Uniform Resource Locator / Baliabideen Bilatzaile Uniformea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide