Eta hala da. Tren-geltokiko tunelaren parean diren eskailera mekanikoetatik gora joatea baino ez dugu, gure antzokiak proiektua izatetik errealitatea izatera jauzia egin duela Larrabarrenan konprobatzeko.
Urteak baino, hamarkadak igaro dira laudioarren nahia herriko harkaitzetan oraturik eta sustraiturik ikusi ahal izateko. Ziur naiz herriko kultura taldeek botako duten ongarriaz ondo elikatuta ederki hazi eta loratuko dela.
Hamarkada hauetan guztietan, gure udalerria garatzeko eta kudeatzeko ardura izan duten talde politiko guztiak erronka honi eusten saiatu dira, eta antzokia egiteko hamaika proiektu ezagutu ahal izan ditugu laudioarrok. Proiektu denak, dena den, bertan behera geratu izan dira beti oso arrazoi ezberdinak zirela medio. Diodan moduan, bertan behera geratzeko arrazoi ezberdinak izan badira ere, guztiek bazuten erkide zuten ezaugarri bat: Udal-taldeek sustatutako proiektuak izan dira beti, udalbatzako gainerako partaideekin partekatu eta adostu gabe.
Herritarrek udalerri hau gobernatzeko ardura nire esku utzi zutenean honetaz guztiaz konturatu ginen eta gure proiektuen artean antzokia lehenetsi genuen baina argi geneukan proiektu berriak udalbatza osoarekin landu behar zela eta ondoren herritarrei nolabaiteko erabakimena eman behar izango zitzaiela.
Udalbatzan adostu genituen zein izan behar izango zuten herri antzokiaren gutxienekoak eta ondoren lehiaketa bat antolatu zen aurkeztuko ziren proiektuen artean zein egokituko zitzaigun hobekien erabakitzeko. Eta hautatze prozesu honetan parte hartzeko aukera izan genuen denok. Lehiaketa irabazi zuen proiektua martxan jartzeko ardura, gure ondorengo Udal-taldeak izan zuen.
Hauxe da gure lan egiteko modua. Jakitun gara %100eko adostasuna oso gutxitan hel gaitezkeela, baina ziur gara elkarren artean hitz eginda askoz ere zerbitzu hobea emango geniekeela gure herritarrei. Eta hauxe irakasi dit niri esperientziak behinik behin.