Urduñako gazteek ekimenak aurrera eramateko zein jardueretan parte hartzeko 2007ko urtarrilaren 17an aukera galdu zuten, gaztetxea bota zutenean.
Bost urte pasa dira gertakari hori pasa zenetik, horregatik Urduñako Gazte Asanbladako kideek beharrezkoa ikusten dute gogoratzea ekintzez beteriko aste batekin. Aste honen helburua eredu autogestionatua aldarrikatzea da eta behin betiko lokalen auziari irtenbidea bilatzea da. Beraz urtarrilaren 16tik 22ra gaztetxearen eraisketaren urteurrena gogoratu nahi dute.
Asteari hasiera emateko, urtarrilaren 17an kontzentrazioa egingo da udaletxearen aurrean “Gaztetxea behar dugu!” lelopean. Aldarrikapena arratsaldeko 19:00etan izango da.
Hurrengo egunean, urtarrilak 18, Graffiti tailerra izango da Nafarroa Kalean 17:00etan.
Ostegunean, urtarrilak 19, “Kukutzaren eraisketa”-ri buruzko hitzaldia egongo da 19:00etan Kutur Etxean.
Asteari jarraipena emateko, ostiralean, Kontzertuak izango dira Foru Plazan 21:30etatik aurrera.
Larunbatean egun osoko ekintzak egingo dira: Poteoa, bazkaria eta jolasak.
Asteari amaiera emateko, igandean, ekitaldia eta luntxa egongo da alondegian eguerdiko 13:00etan.
Lokal berria
Udalarekin hainbat tirabira izan ostean, biltoki berria estreinatu berri dute Lanbide Heziketa Eskola zaharreko sotoan. Gazte Asanbladako kideek “Positibotzat” jo dute udalak zin egindako lokala utzi izana, hala eta guztiz ere, LHE eraikinari ematen ari zaion erabilerak “ez du baimentzen lokal publiko ireki bat zabaltzea”. Hortaz, aurrera begira gaztetxearen alde lanean jarraitu egingo dutela adierazi dute.