Udalak Alondegiko Gizarte Etxeko ateak irekitzea erabaki du bizilagunek eraikina zein instalazioak ikus ditzaten eta erabilerarako proposamenak jasotzeko.
Lau solairuko eraikina da eta erabilpen anitzeko aretoak aurki daitezke bertan, hala nola, musika entsegu lokala, grabazio gela, ikus-entzunezko aretoa eta sukaldea besteak beste. Norbanako zein elkarteentzako espazio eta aukera berriak eskaintzen ditu zabaldutako eraikinak.
Foru Plazan bertan kokaturik, aleak edo bestelako produktuak gordetzeko udal-biltegia zen Alondegia, XVI. mendeko eraikina dugularik. Posta etxea ere izan zen urte luzez, ondoren ere hainbat erabilera eman zaizkio, 2003ko sutearen ondorioz eraikina bereziki kaltetzeagatik erabiltzeari utzi zioten arte. Oraindik eraberritzear zegoelarik, 2007an, Gazte Asanblada eraikinean sartu zen egokitzeko eta bere proiektuak aurrera eramateko helburuarekin. Gazte Asanblada eraikinetik bota eta handik gutxira udalak Alondegia eraberritzeko lanak abiarazi zituen.