Gabonetako agendaren barruan aste honetan Mugalde Kultur Elkarteak antolatutako ekintzak ditugu.
Astelehenean, arratsaldeko 19:00etan, Sokaide musika taldea izan zen Herri Azokako oholtza gainean , Ortozik diskoaren aurkezpena egiten. Bertan laurogei pertsona inguru elkartu ziren musika emanaldiaz gozatzeko. Taldekideak musikaz gain, haien proiektuari buruz ere mintzatu ziren. Diskoko hainbat abesti zuzenean entzun eta gero, aiaraldea.com-ekin batera editatutako bideoa aurkeztu zuten.
Emanaldiak arrakasta izugarria izan zuen, batez ere, gazteen artean.
Asteartean, arratsaldeko 19:00etan, Euskal Memoria Fundazioko Txema Uriarte hizlaria izan zen Kultur Etxean Euskal Memoria egitasmoaren berri emateko. Datozen urteetan abiatuko duten proiektua azaldu zigun; Frankismo garaiko bizipenak, esperientziak, elkarrizketak, argazkiak eta abar bilduko dituen Dokumentazio Zentroa osatzeko asmoa, alegia. Horretarako Euskal Herriko herrialde, bazter eta auzo ugari aztertuko dituzte biztanleen bizipenak biltzen.
Horretaz gain, argitaratutako liburu berriari buruz mintzatu zen, Gernikako seme-alabak. Liburu hau eskuratzeko modua Euskal Memoria Fundazioaren sustatzaile izatea da, salgai ez dagoen liburua baita.
Hurrengo zita datorren ostegunean izango da Julen Arzuaga idazlearen eskutik. Hark argitaratutako “La maza y la cantera” liburua aurkeztuko du.