Aiaraldea.com Urduñan hainbat urte lanean daramatzan Mugalde Kultur Elkarteko kide batekin elkartu da, Itziar Bigurirekin, hain zuzen ere. Hilabete honetan izango diren ekintzak kontuan harturik Elkarteari buruzko hainbat arlo komentatu ditu.
Zein da Mugalde Kultur Elkartearen helburua?
Helburu nagusia euskara eta euskal kultura sustatzea da. Horretarako helburu horiekin zerikusia duten ekintzak antolatzen ditugu. Ekintzak adin guztientzako pertsonei zuzenduta daude.
Zeintzuk dira urtean zehar antolatzen dituzuen ekintzak?
Badaude urtero prestatzen diren ekintzak hala nola, herri azoka, mus txapelketa, Otxomaioetako herri bazkaria...ekintza horiek finkoak izaten dira.
Bestalde badaude ere urtean zehar egiten ditugun ekintza berriak, adibidez, aste honetan Orozkoko garrafari buruzko hitzaldia izango da. Hurrengo hilabetean ere badaukagu beste hitzaldiren bat eta bideo emanaldiren bat, baina ez dut aurreratuko, ikusiko duzue-eta.
Esan beharra dago, urte honetarako ekintza berri ugari pentsatuta ditugula. Gainera kide berriak sartu dira taldean eta gogo handiekin daude gauza berriak egiteko.
Aipatu duzun bezala, aste honetan Orozkoko garrafari buruzko hitzaldia izango da. Zergatik aukeratu zenuten hitzaldi hori?
Egia esanda zuek izan zineten hitzaldia egitearen arrazoi nagusia, aiaraldea.com-en garrafari buruzko bideoa ikusi bainuen. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta bururatu zitzaidan taldean proposatzea. Gainera nire aitari komentatu nion eta berak jadanik garrafa ezagutzen zuen. Orduan komentatu zidan berreskuratzeko oso ohitura polita izango litzatekeela.
Ondoren Orozkoko garrafa elkartearekin hitz egin nuen eta eguna adostu genuen, gainera azaldu ziguten hitzaldia gehi praktika izango zela, beraz hemendik animatzen zaituztet datorren ostiralean arratsaldeko 19:30ean Urduñako Kultur Etxetik pasatzera.