Urduñako nekazariak duela bi urte hasi ziren elkartzen urteko uztaren balantzea egiteko; aurten ere, atzo, Lanbide Heziketa ikastetxe zaharrean izan zen bilera, 16 ekoizlek hartu zuten parte. Bileran, nekazaritzaren inguruan hartu beharreko neurriak eta ideia berriak elkartrukatu zituzten, bakoitzaren esperientzien berri emanez.
Partaideek adierazi zutenez, aurtengo udan uzta ez da behar bezain ona izan, ortuek ez baitute aparteko edertasunik izan, izandako lehor aldi eta gau hotzen eraginez. Honetaz gain, apirileko eguraldi onak eta maiatzeko euriek haziak modu egokian ereitea baldintzatu zuten.
Hazien inguruan ere eztabaida izan zen, erositako haziak arazoak eman baitituzte; hobe da ahal den neurrian nekazariek eurek sortutako eta aukeratutako haziei lehentasuna ematea.
Oro har eta bertan aipatutakoak kontuan izanda, aurten uzta nahiko desorekatua izan dela esan dezakegu: tomateak oso berandu hazten ari direla, piperrak txiki geratu direla gorritzen hasi direnerako, azaloreak eta brokoliak behar beste hazi ez direla, lekak asko erein eta gutxira lehortu zirela, eta abar.
Beste aldetik, urtean zehar erabilitako teknika desberdinen onurak izan zituzten hizpide. Patatak lastotan landatzearena adibidez, teknika honi esker ekoizpena %15 murriztu daiteke baina lan asko aurrezten da, laboratu beharrik ez dago eta. Beste tekniken artean, ongarri berdeak ere aipatu ziren, negurako prestatzen hasteko orain erein behar dira; landare leguminosoak dira, lurra nitrogenatzen dutenak; loratu aurretik moztu behar dira ongarri bezala botatzeko.
Gai desberdin asko jorratu izan zituzten han bildutako nekazariek, elkarren arteko esperientziatik ikasi eta etorkizunean hobetzen jarraitzeko tresna egokia baita foroa, geroz eta kalitate hobeko produktuak ekoizteko modurik bidezkoagoetan oinarriturik.