Aste honetan zehar Euskararen Astea egiten ari da Urduñan; euskararekin harremana duten hainbat jarduera antolatu dituzte, hala nola, hitzaldiak, zinema, dantzaldia....
Iragan asteazkenean, apirilak 21 haurrentzako zinema-saioa egon zen kultur etxean eta ondoren 19:00etan "Zikoinari buruzko hainbat kontu" hitzaldia egin zen; bertan zikoinari buruzko hainbat bitxikeria azaldu zituen Ander Ros hizlariak.
Ostegunean, apirilak 22, "Euskara gure hirian: Pozaren lekukotasunetik gaur egunera" hitzaldia izan zen kultur etxean, Koldo Ulibarriren eskutik.
Larunbaterko, hainbat ekintza antolatu dira: 12:00etatik aurrera umeentzako herri-kirolak eta baserriko jolasak Foru Plazan, eta 13:00etan triki poteoa eta euskal abestiak.
Igandean, apirilak 25, egun osoan zehar jarduera mordoa egongo da: 13:00etan euskal ezkontza ospatuko da Foru Plazan eta ondoren Zanpantzarrak ibiliko dira hiriko kaleak animatzen; horrekin batera Sagardotegi Ibiltaria izango da. 15:00etan, herri-bazkaria egingo da Urduñako txoko batean. Azkenik, 17:30tatik aurrera, dantzaldia izango da Erdizka Lauetan taldearen eskutik.