Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak herritarrei bideratutako inkesta bat luzatu du eskualdeko mugikortasuna ebaluatzeko

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak eskualdeko Klima eta Energia Plana egin zuen 2022an. Plan horrek, 3.1.2 ekintzan, eskualdeko Mugikortasun Jasangarriko Plana eguneratzeko beharra jasotzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legeak hiri-mugikortasunaren diagnostikoak egiteko beharra lantzen du, Mugikortasun Jasangarriko Planei begira.

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriari buruzko 11/2023 Legearen arabera, EAEk mugikortasun-plana 2025. urtea amaitu baino lehen onetsi behar du. Gainera, 11/2023 Legeak mugikortasun jasangarria zeharkako genero-politiketan eta parte-hartze publikoan oinarritzen du.

4/2019 Legearen eta 11/2023 Legearen arabera, mugikortasun jasangarriaren diagnostikoa egin behar da mugikortasunaren plangintza-tresnak egin ahal izateko, bai EAEn, bai eskualdean.

Horregatik, duela gutxi, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak mugikortasun diagnostikoa egiteko kontratua egin du.

Mugikortasun-diagnostikoan egungo garraio-ohiturak aztertuko dira eta hobetzeko aukerak zehaztuko dira, eskualdeko herritarrek erakusten dituzten beharrak kontuan hartuta. Egikaritzea Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legean eta Euskadiko Mugikortasun Jasangarriari buruzko 11/2023 Legean eskatutakora egokituko da.

Azterketa-prozesu osoan zehar eta zeharka, parte-hartze prozesu bat egingo da, eta bertan eskualdeko herritarren ekarpenak jasoko dira. Hori dela eta, herritarrei bideratuta dagoen inkesta bat luzatu da, eskualdeko herritarrek gehien egiten dituzten joan-etorriak identifikatzeko eta garraioarekin lotuta dauden beharrak jasotzeko, hala, hobekien egokitzen diren neurriak proposatzeko. Inkesta martxoaren 31tik maiatzaren 9ra egongo da eskuragarri, eta formatu fisikoan zein formatu digitalean bete ahal izango da, honako esteka honen bidez.

Mankomunitateko udalerriren batean bizi, lan egin edo ikasten duten pertso​na guztiei zuzenduta dago inkesta: Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberio.

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak eskualdeko pertsona guztiak animatzen ditu inkestan parte hartzera, garraio-sare jasangarriagoa eta benetako beharretara egokitua lortzeko.

Mugikortasun-diagnostikoa egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailaren finantzaketa jaso da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide