Aurrez-aurrekoari dagokionez, ekainaren 24an hasita astearte eta ostegunetan egongo da zerbitzua eskuragarri, eta bertaratu nahi duenak aurretik hitzordua hartu beharko du. Arreta egun bakoitzean herri ezberdin batean emango da, hasiera batean Urduñan, Etxebarrin, Ugao-Miraballesen eta Arrigorriagan. Urduñan ostegunetan eskainiko dute. Eskualdeko gainerako herriei dagokionez (Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Orozko, Zaratamo, Zeberio), bakoitzean dagoen eskaeraren arabera ezarriko da aholkularitza presentziala emateko aukera. Urduñan
Ez presentzialari dagokionez, telefono eta email bidezko arreta astelehenetik ostiralera egongo da erabilgarri, bai goizeko bai arratsaldeko ordutegian, ostiral arratsaldeak kenduta. Horretarako, 946 712 699 telefonora deitu edo energia@nerbioi-ibaizabal.eus helbidera idatzi beharko du aholkularitza jaso edo hitzordua hartu nahi duenak.
Aholkularitzaren edukiari dagokionez, energiaren fakturarekin eta kontsumoarekin lotutako gaiak landuko dira batez ere. Besteak beste, etxeko eta sektore pribatuko energia hornidurei buruzko zalantzak argitzea, kontsumo nahiz gastuak murriztea, elektrizitatearen/gasaren faktura ulertzea eta haietan aurreztea, merkatu elektrikoari eta hornitzaileei buruzko informazioa, Bonu Sozialari buruzko informazioa ematea nahiz tramitazioan laguntzea edota gaiarekin lotutako diru-laguntza ezberdinei buruzko informazioa ematea.
Aipatutako aholkularitza zerbitzuaz gain, energia bulegotik bestelako ekintzak ere bideratuko dira herritarrak informatzeko eta laguntzeko helburuarekin, hala nola gai ezberdinen inguruko hitzaldiak, bisitak edota eragile jakinekin bilerak.
Aipatzekoa da, azkenik, zerbitzua aurrera eramateko mankomunitateak Bizkaiko Foru Aldundiaren Trantsizio energetikoaren eta Klima-aldaketaren arloko udal eta mankomunitateentzako diru-laguntza baliatu duela.