Hondakinen karakterizazio publikoetan agerian geratu da hondakinak jatorrian hobeto bereiz daitezkeela

Erabiltzailearen aurpegia Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea 2026ko ekainaren 17a

Amaitu dira azken asteetako hondakinen karakterizazio publikoari buruzko lau jardunaldiak, herritarrak kontzientziatzeko hondakinak jatorrian behar bezala bereizteak duen garrantziaz.

Ekintza horiek eskualdeko udalerrietan egin dira (Arrankudiaga-Zollon, Urduñan, Orozkon eta Etxebarrin) eta gerturatutakoek modu bisualean eta parte-hartzailean analizatu dituzte errefusa edukiontzietako (grisa) hondakinak. Hala, udalerrietako edukiontzi grisak ireki eta zuzenean bertatik jasotako hondakinak sailkatu zituzten, eta parte-hartzaileek egiaztatu zuten zer material eta zer proportziotan uzten diren oker edukiontzi horietan, gaikako bilketarako edukiontzietan egon beharko liratekeelako.

Karakterizazioetan ateratako emaitzek argi uzten dute hobekuntza-tarte handia dagoela. Joera argia da; errefusa-edukiontzietako hondakin gehienak beste frakzio batzuetan bereizi beharko lirateke. Egiaz, batez beste, errefusa-edukiontzietan analizatu diren hondakinen erdia baino gehiago materia organikoa ziren eta, horrenbestez, edukiontzi marroian egon beharko lirateke.

Gainera, pisua kontuan hartuta, batez beste ontziak hondakin guztien % 13 izan arren, edukiontziaren barnean bolumen handiena okupatzen zuten gaia ziren. Hala, agerian geratu zen garrantzitsua dela edukiontzi horia zuzen erabiltzea. Bere aldetik, papera-kartoia eta beira % 5 eta % 4 ziren, hurrenez hurren. Orobat, detektatu zuten puntualki edukiontzi zurian egon beharko liratekeen ehun-hondakinak ere bazeudela.

Garrantzitsua da adieraztea emaitzak orientaziorako eta dibulgaziorako direla. Karakterizazio bakoitzean hondakinen zortzi eta hamar poltsa artean analizatu zituzten. Horrenbestez, lagin hori ez da nahikoa ondorio estatistiko adierazgarriak ateratzeko udalerri bakoitzeko hondakinen osaeraren inguruan.

Herritar asko hurbildu ziren jakinguraz, eta harritu egin ziren ikusi zutenean analizatutako hondakinak udalerriko errefusa-edukiontzietakoak zirela.

Ingurumen-onurez haratago, hondakinak zuzen bereizteak eragin zuzena du zerbitzuaren kostuetan. Gaur egun, errefusa-edukiontzietan uzten diren tona bat hondakin tratatzeko kostua 186,4 eurokoa da. Kontrara, gai organikoko tona bat hondakin tratatzeko 80,7 euro behar dira, hau da, erdia baino gutxiago. Halaber, beste gai batzuek, hala nola ontziek, papera-kartoiak, beirak edo etxeko olioak, ez dute tratamendu-kosturik sortzen toki-erakundeentzat.

​Horrek esan nahi du dagokion edukiontzian zuzen uzten den hondakin bakoitzarekin birziklapena eta baliabideen aprobetxamendua hobetzeaz gain, hondakinak kudeatzeko erabiltzen diren baliabide ekonomikoak optimizatu egiten direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide