Nerbioi-Ibaizabal eskualdeak babesgune klimatikoen sarea sustatu du, eta herritarrei sarearen diseinuan parte hartzeko deia egiten die

Erabiltzailearen aurpegia Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea 2026ko uztailaren 9a

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak eskualdeko udalerriekin elkarlanean hasi du babesgune klimatikoen sarea diseinatzeko eta ezartzeko prozesua, klima-aldaketaren ondorioz gero eta maizago eta biziago gertatzen diren bero-boladei aurre egiteko helburuarekin.

​​Ekimena Nerbioi-Ibaizabal Eskualdeko Klima eta Energia Planaren barruan kokatzen da eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten toki-erakundeentzako dirulaguntzen aginduaren bidez. Proiektuaren helburua da muturreko beroa egiten duen egunetan herritarrek atseden hartu, freskatu eta babes egokia aurkitzeko gune seguru eta irisgarriak identifikatzea eta saretzea, eta eskualdeko sare hau Euskadiko babes​gune klimatikoen sarearen parte izatea.

​​Azken urteotan, tenperatura altuen gorakadak eta bero-boladen maiztasunak agerian utzi dute hiri eta herriguneetako espazioak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko beharra. Egoera horren aurrean, babesgune klimatikoak tresna eraginkor bihurtu dira. Baina zer da babesgune klimatiko bat?

​​Herritarrentzako gune irisgarria da, tenperatura altuko egunetan ingurumen-baldintza egokiak eskaintzen dituena. Barne-espazioak izan daitezke, hala nola liburutegiak, kultura-zentroak edo ekipamendu publikoak, baina baita kanpo-espazioak ere, adibidez parkeak, zuhaitz-eremuak edo itzal ugari eta ura duten eremuak. Leku horiek beroarekiko esposizioa murrizten laguntzen dute, eta bereziki garrantzitsuak dira pertsona zaurgarrienentzat, hala nola adinekoentzat, haurrentzat, haurdun dauden emakumeentzat edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzat. Klima-babeslekuak ez dira osasun-guneak, eta ez dituzte osasun-langileek artatzen; aitzitik, tenperatura altuen aurrean herritar guztien ongizatea hobetzea helburu duen egokitzapen-estrategia baten parte dira.

​​Eskualdeko babesgune klimatikoen sarea osatzeko, Mankomunitateak herritarren iritzia jaso nahi du, eta dei egiten die sarearen diseinuan parte hartzera. Horretarako, GALDETEGI BAT prestatu du eta herritarren eta tokiko eragileen artean zabaltzen ari da, udalerri bakoitzean tenperatura altuenak jasaten dituzten kaleak eta espazio irekiak identifikatzeko, baita eremu freskoenak ere. Jasotako informazioak eskualdeko errealitate termikoa hobeto ezagutzen eta babesgune klimatikoak kokatzeko irizpideak zehazten lagunduko du.

​​Horrez gain, uda honetan herritarren parte-hartzea sustatzeko herritarren zientziako ekimen bat jarriko da martxan baita ere. Parte hartu nahi duten herritarrek beren kale eta auzoetako espazio irekietan tenperaturak neurtuko dituzte, beroaren banaketa eta intentsitatea hobeto ulertzeko datuak bilduz. Ekimena baliagarria izango da bero-puntuak identifikatzeko eta etorkizuneko egokitzapen-neurriak oinarri sendoekin planifikatzeko. Ekimenenean parte hartu nahi duen herritar edo eragileak hiru modu dauzka izen emateko: Galdetegia betez, 946 71 26 99 telefono zenbakira deituz edo info@nerbioi-ibaizabal.eus helbide elektronikora idatziz. Ondoren, Mankomunitatea jarriko da berarekin kontaktuan neurketak nola egin behar diren azaltzeko.

​​Datozen urteetako erronka nagusietako bat klima-aldaketara egokitzea da. Horretarako, babesgune klimatikoen sareak herritarren osasuna eta ongizatea babestu eta eskualde erresilienteago bat eraikitzen lagunduko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide