Gazteak Saretzen: gazteen ongizate emozionala zaintzeko sare komunitarioa Arrankudiaga-Zollon, Orozkon, Urduñan eta Arakaldon

Erabiltzailearen aurpegia Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea

Bizkaiko Foru Aldundiak, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak eta Galdakaoko Udalak bultzatutako proiektuak 14 eta 25 urte bitarteko gazteen ondoez emozionala goiz detektatu eta haiei laguntza eskainiko die hamar udalerritan.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak eta Galdakaoko Udalak Gazteak Saretzen proiektua jarri dute martxan, nerabeen eta gazteen artean ondoez emozionala goiz detektatzeko eta laguntza emozionala eskaintzeko. Helburua da gazteen ongizatea sustatzea eta haien inguruko babes-sare komunitarioa indartzea.

Proiektua Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao- Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberioko 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Azken urteotan nabarmen areagotu dira gazteen artean osasun mentaleko arazoak, ondoez emozionala eta nahi gabeko bakardadea. Egoera horri erantzuteko, Gazteak Saretzen proiektuak prebentzioa, detekzio goiztiarra eta laguntza emozionala uztartzen ditu. Esku-hartze soziohezitzailean, lan komunitarioan eta komunikazio sozialean esperientzia duen talde profesional batek garatuko du.

Esku-hartzea gazteen eguneroko bizitza gertatzen den espazioetan egingo da: ikastetxeetan, gazteguneetan, kirol- eta kultur espazioetan, kalean eta lokaletan, besteak beste. Helburua da gazteengandik hurbil egotea, haien inguruko eragileekin elkarlanean aritzea eta laguntza-beharrak garaiz identifikatzeko aukera emango duten komunitate-sareak osatzea.

Horretarako, herri bakoitzean baliabideen mapa osatuko da, eta gazteekin harreman zuzena duten komunitateko erreferenteak identifikatuko dira (hezitzaileak, irakasleak, entrenatzaileak, familiak...), “antena komunitario” gisa jardun dezaten. Pertsona horiek gaiaren inguruan sentsibilizatu eta, hala badagokio, trebatu egingo dira, herri bakoitzean gazteen ongizate emozionalarekiko sentikorra den sarea sortzeko.

Gazte bakoitzaren egoera eta beharrak kontuan hartuta, entzute aktiboa eta gertuko laguntza eskainiko dira, eta, beharrezkoa denean, bakoitzarentzat egokiena den baliabidea bilatzen eta hara iristen lagunduko zaio. Prozesu osoan zehar, gaztearen ongizatea, konfidentzialtasuna eta konfiantzazko harremana izango dira ardatz. Horrez gain, berdinen arteko laguntza-taldeak antolatuko dira, bakardade-sentimendua arintzeko eta gazteen arteko loturak indartzeko.

Proiektuak bere komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpaina izango du, gazteak dauden kanaletan: Instagramen, TikToken eta webgunean, besteak beste. Kanpainaren helburua da ondoez emozionalaren eta nahi gabeko bakardadearen inguruko estigmak haustea, gai horiei buruz naturaltasunez hitz egitea eta, behar denean, laguntza eskatzera animatzea. Mezuak eta ikus-entzunezko piezak herri desberdinetako gazteekin batera sortu eta kontrastatuko dira, haien hitza eta bizipenak erdigunean jarriz.

Ekimen honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak eta Galdakaoko Udalak gazteen ongizate emozionalaren aldeko prebentzioa eta komunitatearen inplikazioa sustatu nahi dituzte, gazteak beren ingurunean entzunak, ulertuak eta lagunduak senti daitezen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide