Jabetuko bagina kultura zer den, COVID-19aren krisialdian babesa jasotzen arituko litzateke. Errealitateak, aldiz, ez du hori sendotzen, nahiz eta salbuespenak badauden. Horrela, egunez egun, proiektu kultural zein artistiko ederrak eta indartsuak topatzen ditugu, bizitzaren taupaden adierazle, garai hau haien alde ez dagoen arren. Bide horretatik, jendartea triste eta energiaz baxu dagoen une honetan, kalitatezko eta gertuko kultur lanen sustapena inoiz baino garrantzitsuagoa bilakatu da. Izan ere, arteak oreka eman diezaieke pertsonen beldurrei, tentsioei, zailtasunei, itxaropen faltari, bakardadeari... are gehiago, gaur egungo ezegonkortasunaren aurrean eta gero eta konplexuagoak diren jendarteetan. Hortaz, osasuna zainduko badugu, kultura ere zaindu egin beharra dago. Nahitaezkoa dugu hori, pertsonengana berotasuna iritsi dadin, eta kritikotasuna, sentikortasuna eta kontzientzia elikatzeko bideak egon daitezen.
Arauez lepo bizi gara. Ba, arauetako bat izan beharko litzateke kulturgintzaren komunitateari segida bermatzea, duintasun eta errespetu hutsagatik. Horiek horrela, une aproposean gaude "kultura(k)" kontzeptuaren eta jendarteak daramagun norabidearen inguruan hausnartzeko; kultura denon joskintza lana baita. Aurreko batean irakurri nuen:"kulturarik gabeko herria etorkizunik gabeko herria da". Orduan: zertarako dira gure politika kulturalak, baldin eta gure herriko sortzaileen segida eta nor-izatea bermatzen ez badituzte, eta pertsonaren kultur eskubidea bermatzen ez bada?