Bruselara iritsi orduko ongi etorri ederra egin ziguten, bakoitzarentzako opari bat baitzeukaten prest: liburuxka, musika CD-ak eta bomboi goxo-goxoa. Atsedena hartzen dugun hotelean solairu bakoitza kontinente bat da. Beraz, Ahu Tongariki (Chilen) logelan lo egin ostean, asteazkenari ekin genion.
Hiritik ibili gara, gora eta behera, elkarren artean gertu dauden sorkuntzaren arnasgune ezberdinak ezagutzen, horietako bakoitzak bere berezitasunak aurkezten dituztelarik.
Goizean, Rosas ezagutu dugu: fabrika industriala dantza entsaiatzeko espazioa bilakatutako toki berezia. Estetikoki kutsu industriala, argi naturala, eta espazio zabala konbinatuta osatzen dena. Rosas Anne Teresa De Keersmaeker koreografia eta dantza konpainia da. Espazioan elkar bizi dira modu komunitario batean, P.A.R.T.S dantza eskolarekin eta Ictus musika talde garaikidearekin. Eragile guztien elkargunea sukaldea da, non janaria egunez egun makrobiotikoa den. Ez gara hemendik joan Ictus taldeko kidearekin solastu gabe. Horrela, musika garaikidearen auziak ezagutu, talde bezala nola artikulatzen diren ulertu eta nola erabakitzen duten musika errepertorioa barnebildu gara. Bizi dira etengabean galdera ezberdinei erantzunak bilatzen, birsortzen, pertinenteak diren proposamenak jorratzeko asmoarekin.
Hemendik, lau kale eta bi semaforo zeharkatu ostean, Wiels arte garaikide zentrora iritsi gara. Egonaldi prozesu ezberdinak bideratzen duen zentroa: hausnarketarako zein sorkuntzarako gune. Hormigoi bloke horretan, pisu bakoitzean erakusketa gela erraldoiak daude eta beraietatik bueltaka ibili gara erakusketa ezberdinak ikusiz eta artearekin inspiratuz, bereiziki interesgarria izanik, Huguette Calanden erakusketa. Espazioak migrazio tasa altua duen auzoan kokatuta dago, beraz, auzoko kideekin proiektu komunitarioa eta parte-hartzaileak bideratzen ditu, komunitatearen inplikazioa bilatzen, horren adibide kanpoko berdegunearen lanketa izanik.
Horiek horrela, tripa bete, eta segituan, Q-O2 zentroan gaude: arte soinuaren eta musika esperimentalaren laborategia. Arratsaldean garatu den saioan borobilean kokatu gara Flandriako zein Euskal Herriko eragileak, banan-banan gure buruak eta gure proiektuak aurkezteko. Hari horretatik tiraka, networking, elkar saretzeko tartea izan dugu, proiektu ezberdinen barrutiak ezagutuz eta elkarri argituz proiektuen nondik norakoak. Baita aztertuz kolaboratzeko aukerak ere. Motza egiten zaigun solasteko tarte honen ostean, Beursschouwburgarantz abiatu gara: diziplina anitzeko arte zentroa, Bruselako bihotzean kokatzen dena, zentro-zentroan. Hiru eta bost urte bitarteko epearekin espazioari lotutako artista lokalak erresidentziak abiatzen dituzte, eta eguneroko agenda aberatsa dute (erakusketa, eztabaidatzeko espazioak, irakurketa klubak...). Solairu bakoitza txoko oso bitxia da, eta artez beteta dago, margolanekin, eskulturekin... Tragu eta jaia egiteko tokia bada ere, eraikinaren zentroan eta harreran kokatzen den tabernan. Batez ere, gazteen proiektuei zein proiektu berritzaileei ahotsa ematen dion plaza da.
Eraikina zirt-zart bisitatu ostean, Openofficeko kideak beraien zeregina azaldu digu.Talde informala eta doakoa da, eta beraien jarduna sortzaileei zein espazio kulturalei laguntzea da, proiektu artistikoen garapenean suertatu daitekeen edozein zalantzari erantzuna emanez (finantzazioa, espazioak, etabar). Helburu honekin hilero biltzen dira online edota presentzialki Bruselako toki ezberdinetan. Eragile guztiak afaldu dugu, eta une hori gure artean gehiago ezagutzeko tartea bada ere.
Hortaz, esperientzia bizia izaten ari da, pausa gehiegi gabekoa, buru-belarri erabat Flandriako ekosistema kulturalean. Baita Euskal eragile berriak ezagutzean ere. Egun gutxi dira, baino gertutasuna sentitu daiteke gure artean, orduak eta orduak elkarrekin egon ostean osatzen den familiartasun sentsazio horrekin.
Gaurkoan, berriz, Gantera goaz, hamaika toki ezagutzera. Egunari bukaera borobila emango diogu, ekitaldi kultural batera joanez: performancea.