SOSLAIA

Eskerrik asko Arantza Gurmendi

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Iglesias Lili 2023ko abe. 29a, 16:00

Arantza Gurmendi 'Ulises' antzezlanaren entsegu batean. / Maite Agirre

Duela egun batzuk Arantza Gurmendi hil dela jakin izan dut; hain zuzen ere, abenduaren 24an Babio igoera egiten ari nintzenean. Bidea elkarbanatzen ari nintzen kidearekin irrintzien inguruan solasten ari ginen. Une batean hurrengo galdera etorri zitzaigun: “Noiz hasi ginen irrintziak botatzen?” Une horretan, azaldu nion nire lehenengo irrintzi lotsatiak antzerkian izan zirela, eta oroitzen nuela Arantza Gurmendiri galdetzen niola ea nola botatzen zen irrintzi bat, ea zein den teknika, irrintzi ederrak botatzen zituelako. Berak animatu ninduen frogatzera eta egitera. Mingainaz eta arnasketaz ere aritu zitzaidan. Beraz, Arantzarekin lotzen ditut irrintziarekin lotutako nire lehenengo oroimenak. 

Orduan, kideak esan zidan: “Ba uste dut egun hauetan hil egin dela”. Une horretan, aldi berean, poza eta tristura sentitu nuen. Poza, berarekin bizitzako oroitzapen atseginek zeharkatu nindutelako. Tristura, heriotza ez delako sekula kontu erraza. Heriotzaz hitz egin nahi denean, hitzak, moduak... aurkitzea erronka bat da. Prozesu bat da. Duela gutxi jakin izan dut despedida polita ere izan zuela, eta hori jakiteak, bakea sentiarazi dit; heriotzan agur ederra izatea maite duzun edozeini desira eta eskaini ahal diozuna delako.

2015ean Arantza EHU-ko Antzerki Laborategian ezagutu nuen. Arantza agertu zen lehenengo eguna gogoratzen dut, Antton Elosegirekin batera, bere bikotea, bidelaguna eta sostengua. Egun hartan, Arantza aurkeztu zen: nor zen, bere antzerki ibilbidea... eta adierazi zigun bere bizi erronka: alzheimerra. Oraindik sentitu dezaket zeharkatu ninduen negar egiteko gogoa, goitik behera sentitu nuen hotzikara. Une horretan, psikologia ikasketak egiten ari nintzen, eta Alzheimerra lantzen ari ginen teorikoki. Bizipena, aldiz, antzerkian izan nuen. Zein ezberdina den teoria bizipenetik! 

Oroitzen dut bere gogoa, une horretan ere, bizitzeko, antzerkia egiteko... esperimentatzen jarraitzeko. Eta horrek, bat-batean, nire begirada eta negar egiteko gogoa aldatu zidan. Alzheimerra, egoteko modu berezi hori deskubritzeko grina sentitu nuen, bere ondoan egoteko gogoa; eta batez ere, Arantzarekin ikasteko eta sortzeko grina. Arantzak bere antzerkiko azkenengo esperientziak gurekin elkarbanatzea erabaki zuen, eta hori poz iturria zen. 

Antzerki laborategian, Arantzarekin hainbat prozesu eta sormen-lanetan aritu ginen, elkarlanean, Maite Agirrek gidatuta: Ulises (James Joyce) eta FRONTOIA, begiz eta hotsez. Arantza beti  irribarrearekin. Besteekiko goxoa zen, eta konfiantza zuen. Gehienetan, kantuka ibiltzen zen oholtzan, ahozkotasunaren maisua. Irrintziak eta kantuak. Oroitzen dut “nicaragua nicaragüita la flor más linda de mi querer” kantatzean bere une horretako irribarrea eta begi distiratsuak. Zelako begirada! FRONTOIA, begi eta hotsez piezan bere presentziak historia bat kontatzen zuen, inspirazio iturri zen. Lanari, hitzik esan gabe, gorputza eta sakontasuna ematen zion. Bere presentziak indar berezia zeukan. Baketsua baita ere.

Berarekin lanean bere liburua ere irakurri nuen jakiteko zein zen bere biografia, eta horrela bere ibilbidea ezagutu nuen: Elbira Zipritiaren ikasle izandakoa, Gurelesa esne industrialaren aldaketan manifestazioetara joandakoa “Gurelesa, agua de mesa” (geratu zitzaidan detailea, izan ere, ni jaio izan naiz ia-ia tetrabrikaren garaian), agentzia batean lan egindakoa, antzerkigintzako bere ibilbide oparoa izandakoa, eta abar. Egia esateko, pertsonen bizitzak ezagutzea maite dut, pertsonek zeharkatzen dituzten bizipenak ezagutu ditzakedalako; eta batez ere, interesgarria da aztertzea nola pertsona bakoitzak aurre egiten dion bere bizitzari, nola erabakitzen duen hemendik, handik... jarraitzea. 

Horrek bizitza bakoitza ezberdina eta partikularra egiten du. Arantzaren kasuan, Goenkale telesailagatik ezaguna da, baina zenbat izan den horretaz haratago. Hori eman zidan aukeran deskubritzeko Arantzak, baita gaixotasun bati irribarre batekin aurre egiteko gaitasuna ere; aintzat hartuta Alzheimerrak inplikatzen duen prozesu gogorra, oroitzapenei eusteko borroka.

Pandemia bat pasa da eta berarekin lan egin nuenetik, urte nahikotxo igaro dira. Aspaldi ez nuela Arantza ikusten, ezta bere berririk izaten; baina aitortzekoa da pertsona batekin egunerokotasunean denbora eta sormen-prozesuak elkarbanatzen dituzunean, elkarrekin sormen-bideak zeharkatu, bere arrastoa geratzen zaizula barruan, betiko [Emozionatzen naiz oroitzapenei arreta jartzen eta testua idazten]. Ikaskuntza horiek zure parte bilakatzen dira. Tarteka, bizipen ezberdinak berarengana eraman naute, ondoren, bizimoduarekin jarraitzeko. Baina egindako prozesuak nire barruan bizi dira, naizenaren, nire izateko moduaren... parte bat dira. Nire begiratzeko moduaren parte bilakatu dira. Gaur nire hitzak zuretzako opari dira, Arantza. 

Eskerrik asko Arantza gurekin egin zenuen ibilbidearengatik, zure begirada partekatzeagatik, eskuzabaltasunagatik, bizitzako une horretan oholtza gurekin elkarbanatzeagatik! 

Eskerrik asko Antton Elosegi, astero-astero Arantza gugana gerturatzeagatik pozez! 

Eskerrik asko Maite, antzerkian denontzako toki bat egiteagatik, denon sorkuntza-gaitasuna balioan jartzeagatik! Errealitate guztiak onartzeagatik zein toki bat egiteagatik, horrela, bizitza den etengabeko antzezlanak kolore berriak hartzen dituelako, espazio humano, ederretara eramaten zaituelako!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide