KRONIKA

Xiru jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Iglesias Lili 2025eko uztailaren 8a

Aurtengo edizioaren kartela.

Kronika hau, udaberriko esperientzia bati atzera begiradan oinarrituta dago. Gertatu eta denbora batera idatzitakoa. Udaberriaren hasieratik urrunago dagoena, baina bizitakoa oraindik ere mugimenduak sortzen ditu nire baitan.

Aiaraldetik Maulera, Xiru jaialdira. Joana bide batetik, etorria bestetik. Bidean, mila Euskal Herri. Mendiak berde argiz jantzita daude eta zuhaitzei hostoak ateratzen ari zaizkie. Euri zaparradaren bat. Belardietan ardiak arkume jaioberriekin jolasten ari dira. Udaberri usaina dago, eta gure autoak gora eta behera egiten du mendietan zehar paisaia desberdinak zeharkatuta. 231 kilometro, Laudio-Maule.

Xiru jaialdiaren inguruan jakin genuen apirilaren 4an Borderline Fabrikan, Lurretik Lurrera emanaldian. Emanaldiaren bukaeran, Mixel Etxekoparrek, Xiru jaialdiaren antolatzailea, lau haizeetara zabaldu zuen jaialdira joatearen gonbidapena, bere eskutik pergamino bat bezala kartela erakusten zuen bitartean. Begietan txiribitak agertu eta jaialdira gerturatzea erabaki genuen.

Jaialdiko asteburua iritsi zen, eta ez zen eguraldi onik atera, baina eguraldia ez zen aitzakia izango ez gerturatzeko. Laudiotik atera ginen jaialdia ezagutzeko jakin-minarekin, sentituz begietako txiribitak. Bagenuen zerbait berezia ezagutuko genuenaren intuizioa.

Hiru ordutan, Maulen izan ginen. Jaialdia Maulen hasi eta bigarren ekitaldia Irabarnen izan zen. Jaialdian, Quebeceko Mikmaken (Mig´mawag) eta euskaldunen egoera ezagutzeko aukera izan genuen Darlene Gihuminag Mikmaken eskutik, emakume indartsua. Mikmakek bizitzen duten bortizkeriaz eta egoera gogorraz jakin genuen, erabat zapalduak, alegia. Beraien Maamegew-Amalurraren etengabeko defentsan dihardute eta bizirauteko borrokan dagoen nazioa da.

Ondoren, Irabarnetik Gotainera ibiliz joan ginen bertako herritarrek Argentinara egindako migrazio-prozesuak eta historiak ezagututa. 5 geldialdi, 5 istorioa. Gotaineko elizara iristerakoan, Ronnie Lynn Patterson, Estatu Batuetako euskaldunaren eta Mathieu Mendizabalen eskutik euskal ‘blues’ herrikoiaz gozatu genuen. Hitzik gabe utzi zigunemanaldiak, liluran murgilduta.

Gauean, Gotaineko gelan (herriko jantokian) jaialdiko guztiak (artista zein publiko) elkartu ginen afaltzera. Ostean, bi ekitaldi ikusi genituen Gotaineko elizan, Ketariatik mundura eta Lurretik Lurrera emanaldia. Lehenengoan, Ihitz Iriart, Beñat Larrori eta Maika Etxekopar pastoralak kantatuz aritu ziren. Bigarrenean, Darlene Gihuminag, Claudine Arhantzet eta Mixel Etxekopar lurretik jaiotzen diren hainbat kantu berezi partekatu zituzten, hainbat txori doinuekin, Mikmaken irrintzia eta 11 flauta ezberdinekin. Azkenik, Gotaineko gelan dantzan jarraitzeko aukera zegoen, Mugi Muga, Garazi aldeko taldearekin.

Xiru jaialdia, jaialdi xumea eta kalitatez jositakoa da. Txikia eta handia. Herrikoia eta gertukoa. Kultura komunitarioa erdigunean duena. Jaialdi eredugarria. Komunitatea, artea, herria eta natura modu organikoan batzen duen jaialdia, artifiziorik gabe. Tradizioa eta garaikidetasuna eskutik heltzen dira ekitaldi guztietan. Artisten eta kulturazaleen topalekua da. Hortaz, eguna artistez zein kultur eragileez inguratuta eman genuen, Koldo Ameztoi, Mixel Etxekopar, Eneritz Ibarra, Amaia Gabilondo... gure herria sortzen duten artista handiekin. Hantxe, belarriak zabalik-zabalik entzuten aritu izan ginen, gure herria pixka bat gehiago ezagutzeko ahaleginean. Beti dagoelako gehiago ezagutzeko, haratago joateko aukera!

Kilometro gutxi batzuetan zenbat Euskal Herri, kolore, gustu, kultura eta aldaketa. Jakina, Euskal Herrian denak ezagutzen garenez eta gertu gaudenez, Mikel Etxekoparrek ere duela gutxi Orozkoko beteranoen bertso saioan egon zen. Horrela, Aiaraldea-Ipar Euskal Herria zubiak josita behin eta berriz!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide