IRITZIA

Biolentziaren forma leunak

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Ibarra 2025eko azaroaren 5a

Banksyren erakusketa mugikorraren argazki bat, Oporton 2022an ateratakoa.

Azkenean ostirala. Lanetik etxerako bide luzearen ondoren, motxila hustu, amari bi musu eta dutxa azkar baino azkarrago bat gaurko planari ekin baino lehen. Ezinezkoa dirudien arren, erlojuaren abiadura bizkortzen hasi da. Sukaldeko horman, arma batek egiten duen zarata: Tik-tak.

Astean zehar lekurik ez duten grinak asetzeko, asteburua arretaz planifikatzeko ardura hartzen dugu. Lagunak eta bikotearekin elkartu, online unibertsitateko apunteak prestatu, burutzeko zain ditugun proiektu artistikoak landu, kirol apur bat egin, eta, beharbada, eskualdeko askotariko mobilizazioak babestu (zoritxarrez).

Produktibitatearen eta autozainketaren arteko talka; etorkizunarekiko bizia dugun ezinegona; eta denbora guztiz kontrolpean izan beharraren zamari erantzuteko baliabide eskasak aurkitzen ditugun bitartean, batzuek argi daukate gatazka honen erroa zein den: langileriaren pesimismoa.

Bizi dugun garai teknologikoaren barruan, non diskurtso erreakzionarioak lasaitasun osoz hedatzen diren, etengabe sortzen ari dira langile klasearen kezkak gutxiesteko erabiltzen diren espazioak. Eta estrategia gisa, kezka horiek borrokatzeko tresnak seinalatu eta baliogabetu egiten dituzte.

Era berean, prekarietateak dakarren zaurgarritasunaz baliatzen dira etekina lortzeko, kontsumismo basatiaren menpe dauden helburu irrealak salduz. Izan zaitez healthy, fitness, entrepreneur, content creator, broker, coworker, fitworker, spiderman. Akrobaziak egiten dituzun bitartean, beste guztia. Eta behar izanez gero, kolore eta funtzio ezberdinetako pastillen atalean, eskaintza berezia aprobetxatu. 

Diseinu erakargarria duten gezurkeri idealistek une oro inguratzen gaituzte, eta frustrazioa dugu marketin-kanpaina horren elementu nagusia. 

Ondorioz, ikasketak lanaldiarekin batera uztartzen ditugun bitartean, atsedenari eskaintzeko geratzen zaizkigun segundoak ere, eginkizunez betetzen ditugu. Aisiak ez du lekurik gure antolatzeko moduan. 

Gazte izatearen superboterea eta aberastasunaren edabe magikoa eskura ditugula sinetsarazi nahi diguten honetan, artifizialtasunaren isileko biolentziari aurre egitea dagokigu. 

Baina borroka honen agertokiak antzezle ezberdinak behar ditu. Bidezkoa da kaleak astindu eta mugimendu sozialak posible egiten dituztenen lana eskertzea. Baita etorkizuna duintasunez eraikitzeko ditugun beste hamaika formak aitortzea ere. 

Badira agerikoak ez diren eguneroko erabaki politikoak hartzen dituzten aktibista xumeak; ekintza soziala indartzen duen konpromiso indibidualaren eragileak. Eta gaur, inoiz baino beharrezkoagoa dugu konpromiso horren defentsa. Esfera publikoaren kontrola izatetik urrun, nork bere espazio propioak babesteko aukerak sortzea. 

Gauden lekuan gaudela, eta bakoitzak okupatzen duen sistemaren puntu estrategikoari eutsiz, biolentziaren forma leunak suntsitzeko erantzukizuna dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide