Aloriako kontzejua Arrastariako aranean kokatuta dago, San Pedro mendiaren mendebaldeko magalean eta Urduñatik oso hurbil.
Tokiko ahozko ondarea oso interesgarria da eta gaurkoan honakoa ekartzen dugu: herriko azken emakume euskalduna hil zeneko eguna, 1936ko uztailaren 17an, gerra hasieraren bezperan.
1936ko Gerrak bere mitologia propioa du jada. 80 urte pasa ostean, memoriaren zirrikituetan barrena, gazta baten antzera, zuloak topatzen ditugu, baina zulo horiek ere beteta agertzen zaizkigu zenbaitetan.
Galizia nekazarian, gerrillariak fuxidos deitutako pertsonaia sasi-mitiko bezala irudikatzen diren moduan, Gerra Zibila ere errealismo magikoarekin uztartzen da. Gatazkaren hasiera bera, hainbat istorio eta narrazioen ardatza da herri askotan.
Kasuak kasu, Alorian ere istorio interesgarria dugu. Antza, 1936ko uztailaren 17an, “gerraren bezperan”, Alorian euskaraz hitz egiten zuen azken pertsona hil zen.
Herriko jendeak oraindik kontatzen du gertaera. Udako egun urrun horretan, errekaren putzu batean, errotatik gertu, emakumea hilda topatu zuten, ito egin omen zela. Ezezagunak dira gaur ere heriotza horren benetako kausak.
Atmosfera misteriotsu horretan, zera dakigu: emakume horrekin herriko jatorrizko euskara ere desagertu egin zen. Harekin, urte askotako ondareak ere amaiera tragikoa izan zuen.
Mundu “zahar” eta “euskaldun” baten azken hatsa izan zen emakume harena. Horren ostean, gauzak oso desberdinak izango ziren Alorian eta beste euskal herri askotan.
Hurrengo egunean, Camilo Alonso Vega izeneko militarra, eskuindarra eta Francoren promozioko lagun intimoa, Errepublikaren kontra altxatuko da Gasteizen. Bi egunetan, hiri osoa kontrolatu eta 40 urtez nagusituko den dinamika hasiko da: errepresioa, isilaraztea, hilketa, kontrola, zapalkuntza… Mundu zaharra hil eta mundu berria jaioko da, gehiegikerien artean eta aurrekoa zeharo suntsituz.
Gerrako itzalak, baita gerra hasi baino lehen ere antzematen omen ziren.
Josu Santamarina