Legealdia amaitzear egonda, balorazioak egiteko unea heldu da, non gauden eta norantz abiatu nahi dugun erabakitzeko garaia bada. Okondo urteetan zehar herri gisa hazi ondoren, 2019. urtetik aurrera, EAJ alkatetzara iritsi orduko, legealdi iluna hasi zen, non pandemiak sortutako egoera orokorraz baliatuz, askatasunak mugatu, aniztasuna zentsuratu eta bizitza soziala geldiarazi den. Herriko saltokiak itxi behar izan dituzten heinean, Udalak ez du sosik ekarri Okondoko egoera sozioekonomikoa suspertu ahal izateko; are gehiago, bertoko merkataritza sustatzeko sortutako aurrekontu-partidak erabili gabe utzi ditu. Legealdi honetan osoko bilkuretara bertaratzea debekatu dute, elkarte zein bizilagunei areto publikoen erabilera mugatu diete, kultur-ondasuna izendatu beharko liratekeen eraikinak eraisten lagundu dute, eta, hau guztia, diru publikoa xahutu duten bitartean. Egun, Okondon barrena osteratxoa ematea baino ez da egin behar, interes orokorrarekin loturarik ez duen, pertsonengandik urrun dagoen, aniztasunaren aurka dagoen eta “laguntasunean” oinarritutako politika honen emaitzaz jabetzeko. Hala eta guztiz ere, beste Okondo baten aukera dugu, non eskubideek, alaitasunak eta ilusioek gure kaleak beteko dituzten. Horretarako, baina, zu zeuk ekimena hartu beharko duzu, zure etxetik, zure herritik, Okondotik, besteek zugatik egin ez dezaten.