Azkenaldian, sexu aniztasuna pil-pilean egon da gizartean eta politikan, bereziki, LGTBI+ kolektiboko talderik zaurgarriena: transexuala.
Alde batetik, eta historian lehengo aldiz, jaiotzean ezarri zieten sexuarekin bat egiten ez duten adingabeak dituzten familiek sustatu dute kontzientziazioaren beharra gizartean, barneratzeko alua duten mutilak eta zakila duten neskak existitzen direla, eta beti gertatu dela hori. Adingabe transexualen familien elkarteak (Naizen Euskal Herria) sekulako ahalegina egiten ari dira errealitate hori azaleratzeko, ez baitugu nahi gure seme-alabak irainduak, mehatxatuak, jazartuak edo sexualki zein fisikoki erasotuak izatea. Ez dugu nahi ere estigmatizatuak izan daitezen, aurreko belaunaldiak bezala, bazterkerian bukatzeko. Finean, soilik espero dugu beste edozein gazteren bizitza izatea, euren eskubide eta aukerekin.
Hezkuntza lana egiten ari gara hainbat aurreiritzi indargabetzeko transexualitateari buruz. Adibidez, askotan entzuten da “norbait jaio dela gorputz okerrean”, karma jostagarria izango balu bezala. Zentzugabekeria da. Norbanako transexualak ez dira jaiotzen “gorputz okerretan”, gizarteak ezarri baititu arauak, eta horiek mugatzen dute zer den beharrezkoa “gizonezkoa” eta “emakumezkoa” izateko.
Zehazki, norbanako transexual batek “bestearen begirada” aldatu dadin behar du, onartua izatea eta bere errealitatea ulertzea. Ez dute behar zalantzan jartzea, baizik eta babestuak izatea, bide hori ez baita apeta kontua, eta sufrimendu handia dakar, baina baita borondatea eta benetakotasuna ere.
Bestalde, azken urteotan erakunde eta gobernuei kolektiboa babestea eskatu zaie, eta legeak sortzea aldaketa erreala eragiteko gizartean, errealitate hori normalizatzeko. Nazioarteko eta Europako zenbait estatuk ez ezik, Espainiako Estatuko 8 erkidegok ere (Extremadura, Valentzia, Andaluzia, Aragoi, Madril, Balearrak, Murtzia eta EAEk) despatologizazioaren aldeko legeak onartu dituzte, baita identitate sexualaren autodeterminazioaren aldekoak ere.
Zentzu horretan, Berdintasun Ministerioak aurkeztutako trans legeari buruzko eztabaida publikorako epea ireki da. Ekintzaile transexualen artean denbora luzez itxaron den ekimena da, askatasuna eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Jakina, bagenekien frankismoaren oinordeko politikoek kontra egingo zutela, Inkisizioa berpiztu nahiko balute bezala.
Edonola ere, zailagoa izan da ikustea feminismoaren sektore batek lege horren aurka egin duela, ez bakarrik ezberdintasun teoriko eta intelektualen bitartez, baita gorroto eta mespretxu diskurtsoa baliatuta ere, eta horrek ezinegona sortu du trans emakumeen artean.
Testuinguru horretan, uste dut ezinbestekoa dela Tránsitos. Comprender la transexualidad infantil a través de los relatos de madres y padres liburua irakurtzea, Aingeru Mayor Naizen elkarteko kideak idatzita. Espero dezagun horrelako testuek laguntzea ulertuak izan eta babesa eskuratzeko bidean.