Ohiko dinamismo eta trebeziarekin, ekitaldiaren antolatzaileek gogoratu zuten hemen gaudela eta existitzen garela. "Ikusten gaituzula ikusi nahi dugu" lelopean Gasteizko Europa Jauregiraino bidaiatu genuen eta sari hunkigarriak banatu genituen; Jose Luis Quintas Osasun Sailburuordearen, Aitzole Araneta sexologoaren eta Ekai Lersundiren gurasoen (Ana eta Elaxar) lana aitortzeko.
Sailburuordeari dagokionez, azpimarratu beharra dago bere inplikazio politiko eta pertsonala eta, bereziki, Transexualitate egoeran dauden pertsonentzako Arreta Integralerako gida egin izana. Inplikazioa eskertzekoa da, benetan.
Aitzole Araneta, ekintzaile trans eta sexologoa da eta, horrez gain, borroka transfeministan dago. Besteak beste, elkarlanean aritu da Adituen Batzordean osasun erreforma gauzatzeko Gobernuz Kanpoko Trans Advocate Erakundearekin, eta Munduko Osasun Erakundearekin. Horrek garrantzia handia dauka gure kolektiboaren eskubideak arautzerako orduan. Pertsona hunkigarria da eta transexualitate prozesuan dauden nerabeentzat erreferentea, azkarra eta borrokalaria baita. Topaketa ugaritan lortu du nerabeek euren bizipenak partekatzea. Bere esaldi batek islatzen du askok sentitu izan duguna ume transexualekin ibilbide hau egin dugunean: "Ez dugu ezer egin behar gizonezko edo emakumezko izateko, bagara garena, ez baita desira, hautaketa edo gutizia, errealitatea baizik".
Araneta oso kide hunkigarria bada elkartean, Elaxar eta Ana, Ekairen gurasoak, ez dira gutxiago, zentzu horretan. Titan hutsak dira ume transexualek jasaten dituzten zailtasun lazgarriak aitortzeko borrokan. Elaxarrek berak esan zuenez eskerrak emateko diskurtsoan: "Naizen familia handia da".
Halaber, erreferentzia egin zion Ekairen lekukotza jaso dutenei El gran Samurai film laburrean. Eurek ere parte hartu dute proiektuan eta familiek behar dituzten babesak nabarmendu dituzte. Ekairen amak, Ana Gonzalezek, honakoa adierazi zuen saria jasotzean: "Hau fondoko lasterketa da, batzuk heltzen dira lehenago eta besteak azkenengoak. Ekai bidean geratu zen". Egia esanda, ezinezkoa da ez hunkitzea ekitaldi publiko batean agertzen diren bakoitzean. Ez dakit nondik ateratzen dituzten indarrak, benetan.
Ekitaldiak ere jaso du Ipuinetan ez bezala bideokliparen aurkezpena, Aingeru Mayorrek, Ekaitz Goikoetxeak eta Xabier Crehuetek sortuta eta Tránsitos, comprender la transexualidad infantil a través de los relatos de madres y padres liburuan oinarrituta. Testu horrek jasotzen ditu Naizeneko gurasoen bizipenak.
Uste baino babes gehiago
Pertsonalki, uste dut jende anonimo ugarik ere babesten gaituela eta aurre egin behar dietela egoera zailei, zeinetan maiz nahiago duten gaia ez aipatzea bizitza gehiago ez zailtzeko.
Duela egun batzuk, lagun on batek, Tarrasako institutu batean lan egiten duenak, kontatu zidan telefonoz bere ikasle bat, transexualitate prozesuan dagoena, agertu zela klasean gorputza kolpez beteta. Nerabea, edo umea (DBHko bigarren ikasturtean dago) kolpatu zuten bere gurasoek, mutil moduan aitortua izatea nahi zuelako, eta ez neska gisa. Nire lagunak lortu zuen zuzendariaren ezezkoa saihestea eta Zerbitzu Sozialetan salatu zuen kasua. Gaztea orain harrera toki seguruan dago eta bere identitatea babestuko da, gurasoekin errealitate hori lantzen den bitartean. Nire esker handiena nire lagunari eta babesgabeak babesten dituzten hezkuntzako profesional guztiei.