IRITZIA

20.000 aldiz eskerrik asko, Esti

Sofia Otero Zilarrezko Hartza jasotzen, alboan Esti Urresola duela. / Berlinale

Nik ez dut Jainkoarengan sinesten, baina aingeruetan sinesten dut eta Esti Urresolak lagundu du nire uste hori sendotzen.

Norbaitek oraindik ez badaki ere, laudioar honen opera primak -20.000 especies de abejas filmak- hunkituta izan zituen (erraz esaten da) azken Berlinaleko ikusle guztiak eta 10 minutuko txaloak jaso zituen.

Lehen aldia da nazioarteko zinemaldi honen historian opera prima bat sari lehiaketarako hautatzen dutela. Gainera, jaialdiaren edizio guztietako antzezle gazteenak irabazi du Zilarrezko Hartza antzezpen nagusiaren kategorian.

Azpimarratzekoa da filmeko elkarrizketa asko euskaraz direla, eta gure hizkuntza gutxituaren nazioarteko proiekzioa eskaintzen duela. Horrez gain, unibertsoko txoko ezezagun honetan gertatzen da, non txikia izan arren, bertako biztanleek horrelako ekintza ausart eta handiak lortzen dituzten.

Filmeko protagonistak interpretazio onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du transexualitate-prozesuan hasi duen 8 urteko Sofia neskatoaren rola betetzeagatik. Bizitza errealean Sofia Otero da bera, 9 urtekoa eta Naizen adingabe transexualak dituzten familien elkarteko kidea, baita Basauriko bizilaguna ere.

Ziur ezaguna egiten zaizuela, besteak beste, saria jasotzean bere aitari eskainitako esker mezuagatik: “A Fernando Otero, el mejor aita del mundo entero”. Aita bezala senti al daiteke atseginago eta harroago esaldi bakarrarekin, babestu izanagatik kapritxoa eta hautazkoa ez den bide horretan?

Naizen elkartean filmarekin oso pozik gaude. 20.000 especies de abejas-ek badauka balio kalkulaezina kolektiboarentzat, ez bakarrik filma gure bozgorailua izango delako. Izan ere, errealitate transexualen aniztasuna bistaratu behar da, hemen, Europan eta agian nazioartean, eta arrakasta horren zati bat Naizen eta Esti Urresola zuzendariaren arteko lankidetza estuari zor zaio.

Elaxar Lersundik dioen bezala, "sari hau nire egiten dut pixka bat". Bera da Ekairen aita, bere buruaz beste egitea erabaki zuen gazte transexuala.

Zuzendari laudioarrak adierazi du hunkituta geratu zela 16 urteko gazte ondarroarraren heriotzaren berri izatean. Berak dioenez, Ekaik utzitako gutuna "oso tragikoa eta tristea zen, baina zerumuga atseginagoa eta zailtasun gutxiagokoa proiektatzen zuen atzetik joan behar zirenentzat".

Esti Urresolaren zeregina lekuko hori hartu eta film bat egitea izan da, mundu atseginagoa, gizatiarragoa eta argitsuagoa egiteko.

Filmaren argumentuari dagokionez, zinemara joan gaitezen eskatzea besterik ez dago (apirilaren 21ean estreinatuko da). Zalantzarik gabe, hunkitu egingo gaitu.

Asko gustatu zait hitz hauek idaztea, beharbada lehen aldia delako zeinetan Voxekoek, TERFek, Iker Jimenezek, psikiatra manipulatzaileek, kolektibo osoa ordezkatzen ez duten damututako transexualek, intransigenteek, gure errealitatearen ezjakinek, gorrotoaren diskurtsokoek, diren bezalakoak izan nahi izate hutsagatik gure gazteei bullying-a egiten dietenek, Trans lege osagabeak (hainbeste aldizkari azal ematen ari dena eta aipatutako jende horren guztiaren alderik okerrena azaleratu duena)... denek alde batera egin beharko dutelako (nahiago nuke ez balitz bakarrik une batez), eta gure egia distiratzen utzi.

Mila esker, Esti Urresola, bihotz bihotzez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide