Gomendatu behar dizuedan lan honi gutxieneko lorpen bat aitortu behar zaio: Beisbolaren inguruko pelikula izaki, jolasaren gainean ideiarik ere izan gabe ikus eta uler daitekeela alegia, gutxi ez dena! Izan ere, Bennett Miller zuzendari estatu batuar honen azken filmea gehiago zentratzen baita zinez berezia den gizatalde honen istorioan, hantxe baino apenas ezagutzen ez den kirolaren arauetan baino. Erritmo zein bizitasun izugarriak emanez, benetan goza daitekeen zinta baten aurrean gaude, zeren eta, nahiz eta bi ordu pasatxo irauten duen lan batez ari garen, pelikula inongo unetan ez baitzaizu ez astun ez luze egiten.
Benetako gertaeretan oinarritzen den filmea dugu Moneyball (2011) hau. 2001ean Oaklandeko Athletics izeneko beisbol taldeko zuzendari orokorra izan zen Billy Beaneren (Brad Pitt) istorioa kontatzen digu, alegia. Beanek “moneyball” izeneko metodo bat erabili izan zuen taldea eraikitzeko. Sistema honen oinarria zera da: jokalarien estatistikak abiapuntu hartuz, printzipioz nahiko “merkeak” diren jokalarien zerbitzuak kontratatu, era honetan talde lehiakorra lortuz, nahiz eta aurrekontu urria izan.
Beisbolaren tripakiei erretratua egiten dion zinta amerikar honen erantzule nagusia, gorago aitatu dudan eran, Bennett Miller da. New York Cityn munduratu zen zinemagile honek ez du lan askorik borobilduta. Izan ere, Moneyball (2011) hau kenduta, pantaila erraldoirako beste lan bat, “Truman Capote” (2005), eta “The Cruise” (1996) izeneko dokumentala besterik ez du burutu. Hori bai, bere filme birekin hainbat sari eta izendapen jasota ditu. Honela, ez da ahantzi behar, “Truman Capote” (2005) izeneko lanean Philip Seymour Hoffmanek biribildu zuen interpretazioak Oscar saria merezi izan zuela edo, urrutira joan gabe, gomendatzen nabilen lan honek zenbait izendapen jaso dituela munduko sari sonatuetan.
Pelikula honek atal bat azpimarratzeko modukoa badu, horixe da, inolako ezbairik gabe, aktoreena. Aktore-multzo batean Brad Pitt, Philip Seymour Hoffman, Robin Wright Penn edota etorkizunean zeresan handia emango duen Jonah Hill bezalako profesionalak egotea ez da ahuntzaren gauerdiko estula, ez horixe! Bestalde, bigarren mailako roletan aritzen diren profesionalen lana nabarmentzeko modukoa da, noski. Ezin egokiago aritzen dira, ukaezinezko sinesgarritasuna igortzen, zein baino zein gehiago.
Amaitzeko, zinta honek duen beste indargune bat aipatu nahiko nuke. Hauxe duzue: Printzipioz ahula den baten istorioa kontatzeak, ikuslegoaren onarpena bereganatzen du hasiera-hasieratik. Izan ere, trakets moldatzen direnen lorpenek begikortasuna eragiten baitute.