Europan egiten den zinema-mota guztiz bestelakoa da, honen inguruan zalantza gutxi egon daiteke. Beste ezaugarri batzuk dituen kontakizunaren alde egiten da kontinente zaharrean: errealitatean erabat errotuta dauden gaiak aukeratzen dira eskuarki, lanek dokumentalen kutsua eduki ohi dute, kontaketen erritmoa sano mantsoagoa izaten da, efektu berezien agerpena, daudenean, zeharo anekdotikoa izan ohi da. Labur esanda, zinearen gainean beste kontzeptu bat darabilte europarrek. Gomendatu nahi dudan pelikula honek, aipaturiko ezaugarri guztiak barnebiltzen ditu, ezin ukatu, beraz, zinta erabat europarra denik. Kasu honetan, aitaturiko ezaugarriei, guztiz garrantzitsua den beste bat ere erantsi behar zaie: Filmearen tonu atsegina, alegia.
Aki Kaurismäki zinemagile finlandiarraren azken lan honetan Marcel Marx izeneko idazle bohemiarrak, berak hala hautatua, zapata-garbitzaile lanetan dihardu Le Havren, Frantziako portu-hiri batean, era honetan jendearengandik hurbilago sentitzen delako. Zituen amets handinahiak alboratutakoan, bere bizimodua erabat lasaia da gaurregun: tabernak, lanak eta emazteak bere denbora eta premia guztiak betetzen baitituzte. Egun batean, ordea, bere mundua erabat irauliko duen gertaera bat jazoko da. Izan ere, ume etorkin beltz bat bere bizitzan sartuko da, Londreserako bere familiarekin batera burutzen ari den bidaian ezbehar batek eraginda. Marcelek lagundu nahi izango du, bere baikortasuna eta auzokideen eskuzabaltasuna erabiliz, estatuaren hozkeriari aurre egiteko, zeren eta polizia umearen atzetik baitabil.
Finlandiako zuzendari onenatzat dago hartua Aki Kaurismäki. Bere lanetan normalean hiritar behartsuenak izaten dira protagonistak. Ez da betere ezohikoa, bestalde, nahiko pertsonaia bezerien parte hartzea. Canneseko zinemaldiko saria eskuratu zuen 2002an burutu zuen “Un Hombre Sin Pasado” izeneko lanagatik, zeinarekin Ingelesez besteko filmerik onenari dagokion Oscar sarirako izendapena ere erdietsi zuen. Premioen banaketan, ordea, ez zen agertu zinemagile finlandiarra. Ibilbide oparoko profesionala dugu Kaurismäki jauna eta bere lanen artean “La Chica De La Fábrica De Cerillas” (1990), edo “ La Vida Bohemia” (1992) ditugu nabarmentzeko modukoak.
Filme hau gaurkotasunean ondo errotorik dago. Jorratzen duen gaia, zoritxarrez, egungo berrietan maiz azaltzen zaigu. Hau dela eta, kasu honetan erabat beharrezkoa da pantailan agertzen diren aurpegiak oso ezagunak ez izatea, sinesgarritasuna, azken batean era honetako lanetan funtsezkoa dena, kaltetua ez gertatzeko. Hau honela, aktoreen artean, nire uste apalean behintzat denetarik topa dezakegu, hau da, karakterizazio zinez egokiak burutzen dituzten profesionalak, André Wilms kasu, zein sinesgarritasun eza ikaragarria igortzen dituztenak, Jean-Pierre Darroussin esaterako.
Amaitzeko zera esan gura nuke: tankera honetako filmeek egiaztatzen digutela egoera latzenen aurrean ere, era positiboan erreakzionatzea posiblea dela, ahuntzaren gauerdiko estula ez dena, noski!!!